Hondakin eta zaborren BEHAKETAK

Kostaldetik nabigatzen dugunean, hondartzatik paseatzerakoan, ibaian bainua hartzerakoan… hainbat hondakin topatzen ditugu urgainean edota hondoak jota. Ikusten ditugu, larritzen gara, baina berehala ahazten dugu lixiba pote, esne botila edota plastikozko poltsa horiek gure sukalde, komuna edota eskoletatik atera direla, guk “sortu” ditugula.

Hondartza, kosta eta ibai horietatik zehar Itsaso zabalera ateratzen dira desagertzeko horrenbeste zailtasun dituzten plastikozko objektuak. Ibilbide luze horretan zehar gerta daiteke animaliren batek hoietako plastikoren bat irenstea beste arrain edo marmoka batekin erratu ostean. Dortokei gertatzen zaie noizbehinka, itota hiltzen direla plastikozko poltsak marmoka goxoekin erratzen dituztelako.

Irlandako nabigazioan zehar hainbat objektu topatu ditugu Itsaso zabaleko urazalean eta geure buruei hurrengo galdera egiten diogu, horraino bere kabuz igerian heldu diren edo beste nabigatzaileren batek bere itsasontzitik bota dituen. Hala izatekotan, hau kontraesana, itsasoak gaur eta betirako maite dituen norbaitek urak era kontziente batean kutsatzea?

Horregatik, eta honen inguruan gehiago hausnartu dezagun, espedizioan zehar egiten ditugun hondakin edo zabor guztien behaketen erregistroa egingo dugu. Zoritxarrez, ezingo dugu sekula horietako bakoitzaren benetako historia jakin, baina ezingo dugu ekidin gutako bakoitzak ikusten duenaren inguruko historia eraikitzea…