Azti eta Malaespina espedizioarekin lanean

Aurtengo udan Unai Basurkok gidatzen duen Pakea Bizkaia belaontzia, Atlantiko iparraldean zehar ibili da nabigatzen Groenlandia, Labrador, Quebec, Ternua eta Azore irletan egindako espedizio batean.

Espedizioaren helburuen artean, alde batetik, itsasoetan bizi den bioaniztasuna ezagutzea eta bestetik, gure arrantzaleek XVI. mendean baleak ehizatzeko asmoarekin betetzen zituzten itsasaldien parte bat betetzea izan dira.

Udako hilabeteetan, Pakea Bizkaia belaontziak arrantza itsasontzi eta merkanteentzat nahiko ezohizkoa den ibilbidea bete duenez, ontzilariek AZTI-Tecnalia-rentzako ur laginak hartu dituzte ozeano erdian. Lagin hauetan NEUSTON-a  jaso nahi izan da, ur gainazalean itsatsita dauden plankton eta plastiko partikulak hain zuzen ere.

Laginen bilketa eta ondorengo analisiaren helburu nagusia, ozeanoetara jaurtitako eta bertan jitoan dagoen plastikoa deskonposatzen denean sortzen diren plastiko partikulen existentzia egiaztatzea izan da. Kostaldetik gertu plastiko partikula ugari daudela argi dago, baina ozeano erdiko ekosistemak urratzen dituztenak ere badaudela frogatu nahi da.

Azti-Tecnaliak utzitako sare berezi bati esker, ur gainazaleko ura filtratu eta sarearen bukaeran dagoen pote berezi batean lagina biltzen da, gerora formola daukan beste ontzi batera botatzen delarik, lurrera heldu arte kontserbatu ahal izateko.

Espedizioan zehar, laginak bildu dira latitude eta ibilbide ezberdinetan hala nola: Kantauri Golkotik Groenlandia hegoalderaino; Groenlandiatik Labradorrera; Ternuatik Azore irletara eta bertatik etxerainoko bidean.

Irailean, etxera heldu bezain laster, laginak Kadiz-eko unibertsidadeko Ekologia Sailean lan egiten duen Andres Cozar-ek laginak eskuratu zituen . Analisien emaitzak, Hesperides itsasontziak Malaespina espedizioan egindako ikerketetan kontutan hartuko dira. CSIC-ek (Consejo Superior de Investigaciones Científicas) gidatzen duen beste  espedizio honen helburua, Ozeanoaren bioanizatsuna eta aldaketa globalak honengan duen eragina ikertzea izan da, hau da, gizakion jarduerak ozeanoetan eta biosferan duten eragina ikertzea.