Pakea Proiektua

80000 itsas milia txapelketetan Planeta osoan zehar Open 60 “Pakea Bizkaia”-rekin nabigatu eta Itsaso eta Ozeanoak miretsi ondoren, hezkuntza eta nabigazioarekin erlazionaturiko proiektu berri bat eraikitzea erabaki dugu.

Itsasaldi berri honetan Unai Basurkok bakarrik nabigatzeari utzi dio, eta tripulazio batekin abiatuko da munduan zehar.

Helburu nagusia, nabigazioa eta ingurugiroaren  errespetuaren arteko lotura ezagutaraztea da, belauntzian nabigatzean inguruarekin harreman estua sortzen baita.

Guzti hau gauzatu ahal izateko, nabigazio-espedizio ezberdinak erabiltzen ditugu. Espedizioan gauden bitartean web orriaren bitartez jarraitu daiteke proiektua, eta porturatzean gure bizipen eta esperientziak eskola-umeei erakusten dizkiegu hezkuntza jardueren medioz. Hezkuntza-jasangarrirako eta garapen-jasangarrirako gure ekarpen txiki hauekin izaki bizidun, bioaniztasun, ingurugiro eta errekurtso naturalenganako errespetua sustatu nahi dugu. Giza jarduerak Ozeanoetan duen eragin negatiboa eta Naturaren edertasun liluragarria erakustean, gizartea sentsibilizatuko dela konfiatzen dugu.

Espedizio hauek ahalik eta modu jasangarrienean egiten dira. Bioaniztasuna behatu eta errespetatzen dugu,ontzi barruko bizitzan energia berriztagarriak erabiltzen ditugu (haize-energia mugitzeko eta eguzki-plakak energia lortzeko) eta zaborrak murriztuz, berrerabiliz eta berziklatuz, modu egokian kuedeatzen ditugu. Honetaz gain, mundutik barreiaturik dauden eta jasangarritasunarekin zerikusia duten esperientziak biltzen ditugu.

Eta azkenik, Planeta mirestu eta zaintzen dugu, eta itsasontziko bizitza eta nabigazioak berak dakarren balorean igortzen ditugu.