ALDAKETA KLIMATIKOAREN batzarra Kankunen

“Glaziarren URTZEA” idazkian azaldu genuen moduan, aldaketa klimatikoaren ondorioetako bat itsasoaren ur-maila igo egingo dela izango da, munduko tenperatura igotzen bada elurra eta glaziarrak urtzen doazelako.

Oraindik berotegi efektu honek ekarriko dituen kalte guztiak ezagutu ez arren, gauza jakina da kostetan kalte larriak utziko dituela, herrialde txiroetan kalteak askoz ere nabariagoak izanik. Honetaz gain, ekosistema lurtar eta urtarretan ere eragin latzak eta itzulezinak ekarriko ditu, bizitza daukan oro bere ingurugiroko baldintzetara egokitua izan delako, eta horiek aldatu ezkero ez dakigulako ze kalte izango dituen, ezta ekosistema horretako fauna eta flora nola egokituko den baldintza berri horietara.

Aldaketa klimatikoa zientzilariek antzeman zuten, eta beraien ikerketei esker dakigu jatorria gizakion aktibitateak ugaritu duen CO2 gasa dela. Gas hau bi faktore nagusi hauengatik ari da hazten:

-          Erregai fosilen kontsumoagatik, industriarako, merkataritzarako, garraiorako eta militar xederako erabiltzen dena.

-          Deforestazioagatik, nekazaritza eta abeltzaintza merkatu masiboetarako burutzen dena.

Ikusirik berotegi efektuak zer nolako ondorio kezkagarriak dituen, herritar ugari, talde, erakunde eta garapen bidean dauden hainbat nazio, haien artean  “Aldaketa klimatikoari buruzko herrien eta Amalurraren eskubideen munduko konferentzia”, oso arduraturik daude eta dioxido karbonikoa murrizteko hainbat saiakera egiten dituzte. Gizabanako hauek egiten duten lana izugarria eta oso garrantzitsua da, halere, nahitaezkoa da nazio aberatsenen gobernuek benetako pausu tinkoen erabakia hartzea eta behar diren aldaketak eta neurri zorrotzak ezartzea.

Asmo honekin bildu ziren lehenengo aldiz 1997. urtean industrializaturiko herrialdeak eta bertan sortu zuten Kioto Protokoloa. Hurrengo batzarra 2009an burutu zen Copenhagen, eta aurten oraintxe izan berri da, azaroaren 29tik abenduaren 10era Mexikon, Kankunen alegia. Bertan nazio ezberdinek eztabaidaturiko erabakiak biltzen dira, betiere berotegi efektua murrizteko asmoekin.

Baina talde, erakunde eta gizabanako asko ez daude batere ados bertan erabakitzen dutenarekin, uste dutelako, alde batetik erabaki askoz sendoagoak hartu behar direla benetan aldaketa klimatikoak sorturiko kalteak murriztu nahi badira; eta beste alde batetik, nazioak ez direla horren baldintzatuak egon behar interes ekonomikoengatik eta ingurugiroarekiko eta gizartearekiko interes handiagoa azaldu behar dutela.