Xibarta balea apurka-apurka bere onera etortzen ari da
Xibarta balea edo Megaptera novaeangliae, Mediterraneoan izan ezik, planeta osoko ozeano eta itsasoetan topa dezakegun espeziea da. Gehienetan kostalde eta irletan ikusiko ditugu, baita ozeano zabalean migratzen ari direnean. Euskal balea bezala, XIX. mende bukaeran eta XX. mendeko lehenengo erdialdean planeta osoan ehizatu zen, eta, horregatik, gaur egungo aleak nabarmen murriztu dira. Hala ere, apurka-apurka [...]
Xibarta balea edo Megaptera novaeangliae, Mediterraneoan izan ezik, planeta osoko ozeano eta itsasoetan topa dezakegun espeziea da. Gehienetan kostalde eta irletan ikusiko ditugu, baita ozeano zabalean migratzen ari direnean.
Euskal balea bezala, XIX. mende bukaeran eta XX. mendeko lehenengo erdialdean planeta osoan ehizatu zen, eta, horregatik, gaur egungo aleak nabarmen murriztu dira. Hala ere, apurka-apurka espezie honetako ale kopurua gorantz egiten ari da. Ia beti kostaldetik gertu eta astiro igeri egiten dutenez, oso erraz ehizatzen dira.
Nazioarteko Baleen Komisioak espezie horren ehiza debekatu zuen 1966. urtean, eta gaur egun oso gutxi ehizatzen da. Hala ere, espezie hau desagertzeko arriskuan egoteko beste arrazoi batzuk daude: arrantza sareak, itsasontzi handiekin talkak edota itsas ikerketak sortzen duen kutsadura akustikoa.
Beren gorputz sendoek 14 -16 metro neur daitezke eta hegal pektoralek 3 metro izan dezakete. Espedizioan zehar Ozeano Atlantikoko leku ezberdinetan ikusi ditugu baina haien gertutasuna, handitasuna eta presentzia Antartidan sentitu ditugu inon baino hobeto. Taldean elikatzen ari zirelako, burua ur gain azalera atera eta urpera sartzerakoan eta buztana era oso esanguratsuan ateratzen zutelako, berehala identifikatu ahal izan genituen bale xibartak. Hegalekin uraren kontra jotzeko era eta ur gain azaletik kanpo egiten dituzten jauziak espezie honen ezaugarri esanguratsuak dira.
Distantziarik luzeenak betetzen dituzten ugaztunak dira, batzutan 8.000 km egiten dituzte elikagaiak bilatzeko edota ugalketa guneetara hurbiltzeko. Gehienbat planktona, arrain pelagikoak eta krilla (Antartikan) jaten dute.
Emeak erakartzeko, arrek egunetan zehar “sirenen abestiak” bezalako soinu konplexuak egiten dituzte.