Antartikako Pinguinoak

Espezie ezberdin asko badaude ere, nabigatu dituzten irletan eta penintsulan zehar, gehien bat, bi espezie behatu dituzte: barbijo edo Pygoscelis antárctica eta papua edo Pygoscelis papua.

Antartikan gehien dauden edo ontzilariek gehien ikusi duten animalia pinguinoa izan da. Espezie ezberdin asko badaude ere, nabigatu dituzten irletan eta penintsulan zehar, gehien bat, bi espezie behatu dituzte: barbijo edo Pygoscelis antárctica eta papua edo Pygoscelis papua.

Bi espezieek berdintasun ugari dituzte. Lurrean dauden bitartean, zailtasun handiak dituzte erraz ibiltzeko, salto txikiak emanez edota ahateak balira bezala ibiltzen dira, baina ur barruan ostera, abiadura handiz igeri egiten dute, noizean behin burua ateratzen arnasa hartzeko. Biek ere, krilla jaten dute eta une honetan beren kumeen hazkuntza garaian daude. Horretarako, kolonia txikiagotan banaturiko pinguino koloniak sortzen dituzte kostaldetik gertu dauden mendi malda edo arroketan. Pinguinoek bikote berdina izaten dute bizitza osoan eta hori dela eta, urtero kolonia eta kabia leku berdinean mantentzen dute. Harreman estu hauen ezaugarriak kumeen zaintzan ere behatu daitezke, guraso batzuk haurtzaindegiak zaintzen geratzen diren bitartean, koloniako beste kide batzuk, itsasora joaten baitira elikadura bila.

Pinguinoa lurrera dator bakarrik ugaldu eta kumeak haztera eta honek 5 hilabete inguru irauten ditu, bikoteak urria eta azaro artean lurrean elkartzen direlarik. Ugalketa ondoren, bikoteek 40 egun ematen dituzte arrautzak erruten, jarduera honetan zein elikaduran arrek zein emeek hartzen dute parte. Gero, kumeen lumajearen aldaketa ondoren itsasora bueltatzen dira denak. Gaur egun, ikerlariek oraindik ez dakite ondo zeintzuk diren animalia hauen itsaso azpiko ibilaldiak, nondik nora dabiltzan eta zer nolako distantziak egiten dituzten.

Badago bi espezieen arteko diferentzia garrantzitsu bat. Kabiak egiteko, barbijoak lur edo arroken gainean egiten duen bitartean, papuak kumeak babesteko harri txikiz osaturiko kabitxoak eratzen ditu. Gurasoek harrapakariengandik zaindu behar dituzte kumeak, beti ibiltzen baitira arrautzak zein kumeak lapurtzeko zain antarktiar usoak, petrelak eta ur barruan lehoinabar itsas-txakurrak zein orkak.