Kate trofikoa eta kopepodoak
Itsasoan neurri askotariko bizidunak aurki ditzakegu, begi hutsez beha daitezkeenak eta lupaz edo mikroskopioz soilik ikus daitezkeenak. Batzuk zein besteak ezinbestekoak dira itsasoak osasuntsu mantendu ahal izateko, guztiak baitaude kate trofikoaren barnean. Kate trofiko horretan maila desberdinak daude: ekoizleak (fitoplanktona), hazteko eguzki energia eta nutrienteak behar dituztenak; lehen mailako kontsumitzaileak (zooplanktona) ekoizleez elikatzen direnak; bigarren mailako [...]
Itsasoan neurri askotariko bizidunak aurki ditzakegu, begi hutsez beha daitezkeenak eta lupaz edo mikroskopioz soilik ikus daitezkeenak. Batzuk zein besteak ezinbestekoak dira itsasoak osasuntsu mantendu ahal izateko, guztiak baitaude kate trofikoaren barnean.
Kate trofiko horretan maila desberdinak daude: ekoizleak (fitoplanktona), hazteko eguzki energia eta nutrienteak behar dituztenak; lehen mailako kontsumitzaileak (zooplanktona) ekoizleez elikatzen direnak; bigarren mailako kontsumitzaileak (zooplankton jaleak); hirugarren mailako kontsumitzaileak (zooplankton jaleez elikatzen direnak) eta horrela harrapari goreneraino, orketaraino, adibidez. Beraz, oso garrantzitsua da bizidun txiki horiek babestea, horiek gabe handiak ere ez liratekeelako egongo.
Itsasoan mugitzeko gai diren izakiez gain, korronteen menpe bizi diren beste izaki ugari ere aurki daitezke, hauei plankton deritzegu. Planktona sailkatzeko modu ugari daude, animalia (zooplankton) edo landare (fitoplankton), neurriaren arabera, bizitza osoa plankton moduan igarotzen badute (holoplankton) edo soilik bizitzaren zati bat (meroplankton), arrain askoren kumeak adibidez.
Ontzi barruan ur laginak hartzeko eta hauek duten plastiko kontzentrazioa neurtzeko sare bat daramagu. Lehengo egunean, iluntze aldera bota eta sarea uretatik jaso orduko, plastiko zatiez gain, kolektorea planktonez josia zegoen, batez ere kopepodo deituriko zooplanktonez.
Kopepodoak krustazeo txikien artean garrantzitsu eta ugarienetarikoak dira, arraien, marmoken eta abarren elikagai direlarik. Iluntze aldera ur sakonetatik ur azalera igotzen dira fitoplanktonez elikatzeko, eta gauean eta egunsenti aldera berriz ere ur sakonetara murgiltzen dira iluntasunaren babesera.