Irrati bidezko komunikazioa itsasoan
Pakea Bizkaian, beste itsasontzi edota lurran dauden pertsonekin komunikatzeko bi irrati sistema ditugu. Lehenengoa VHF-a da eta honen bitartez bakarrik hitz egin dezakegu gehienez 30 itsas miliatara daudenekin.
Sistema hau, beste itsasontzi batekin komunikatzeko edota, kostaldetik gertu gaudenean, kostako emisorek ematen duten eguraldi iragarpena entzuteko erabili dezakegu.
VHF 16. kanalaren bitartez, sorospen seinale bat igorri dezakegu, eta honek beti izango du beste kanaletan gertatzen ari diren elkarrizketek baino lehentasun gehiago.
Kostaldetik urrun itsasaldi luzeagoak egin behar ditugunean, erabiliko dugun irrati sistema HF-SSB da, hau da, uhin laburren bidezkoa. Horretarako behar dugun tresna konplexuagoa da eta antena, askoz handiagoa izaten da. Gureak 7 metrotako altuera du eta popaldean dago kokatuta lemaren ondoan. Sistema honek erabiltzen duen frekuentzia eta uhin motari esker, munduaren beste aldearekin elkar komunikatu gaitezke beharrezkoa izatekotan.
Orain dela 40 urte, Gran Kanariako Palmetan dagoen Rafael del Castillo irrati zaleak, mundu osoko nabigatzaileei laguntza eskaintzeko irrati saio bat hasi zuen. Gauero puntualtasun handiarekin “Rueda de los navegantes” deritzon saioa egiten du, ozeano guztietan dauden belaontziei berarekin kontaktatzeko aukera eskainiz. Lehenik eta behin, nabigatzaileek bere kokapena, norabidea, abiadura eta memento horretan duten haizea ematen diote. Orduan berak, internet bidez hainbat iragarpen ikertzen ditu, hurrengo egunetan nabigatzaileak izango duena igorriz. Askotan, aukera badaukagu, errazago eta fidagarriagoa izaten da iragarpena irratiz jasotzea internet bidez egitea baino, batez ere nabigazio baldintzak konplikatuak direnean eta ondorioz, nekatuta gaudenean.
Eskertzekoa da, arazoren bat daukagunean eta porturen batean gelditu behar garenean, edota itsasoan bertan dagoen beste itsasontzi baten laguntza jaso behar dugunean, Rafaelek eskaintzen duen laguntza. Batzuetan, uhinen zabalkuntzan dauden arazoak direla eta, ezinezkoa izaten da Rafaelekin kontaktatzea eta Azore irletan dagoen Altinok, bien arteko igorle bezala jokatzen du, edota berak zuzenean ematen digu iragarpena. Irrati berberak itsas milia askotara dauden itsasontziekin komunikatzeko aukera ematen digu.
Ontzibarruko internet eta gaur egun ditugun mugikorrak direla eta, gerta daiteke irrati sistema hauek bigarren plano batera pasatzea, baina guri dagokigunez, nabigazioa seguruago eta atsegingarriagoa egin dezaketen tresnak dira. Gainera, hauek erabilita antzinako itsas komunikazioen izatea bizirik mantentzen dugu.