Astroen giraritzapean nabigatzen

Pakea Bizkaiako kapitain Unai Basurkok gogorarazten duenez, lehengo nabigatzaileek astroen -eguzkia, ilargia, planetak eta izarrak- posizioa baliatu behar izaten zuten itsasoan orientatzeko.

Mendeetan zehar, izarrek gidatu dituzte marinelak itsasoan nabigatzen zutenean, inguruan ura baino ez eta lurreko erreferentziarik ez zutenean. Abenturazale haiek, orain dela gutxi agertu diren GPS eta beste elektrogailurik ezean, astroak baliatzen zituzten kostaldetik urrun orientatzeko.

Matematikaren eta Astronomiaren ikerketaren garapenari esker, zibilizazio ugari ausartu zen kostaldetik urrun nabigatzen. Grekoek, Kristo aurreko II. mendean, ortziaren mapa bat marraztu zuten eta izar askori izena jarri zioten. Konstelazioak osatu zituzten eta horiei esker Mediterraneo itsasoan orientatzea lortzen zuten.

Astronomia-nabigazioan eguzkia, ilargia, planetak eta 99 izar dira erreferentziazko astroak. Mendeetan, astro horiek baliatu zituzten puntu baten latitudea kalkulatzeko eta itsasontziaren norabidea zuzentzeko, beti ere sextantea, iparorratza, konpas magnetikoa, kronometroa eta abiadura neurtzeko garaiko tresnen laguntzaz. Longitudea ezin izan zuten neurtu XVIII. mende arte, itsas-kronometroa asmatu zenean. Tresna hori erloju arrunta baina doi-doia da, denbora-tarte luzeetan zehatz-mehatz emateko gaitasuna izan behar baitu.

Beraz, non gauden jakiteko puntu baten latitudea eta longitudea ezarri behar ditugu, eta horretarako sextantea, iparorratza, kronometroa eta itsas-almanakea behar ditugu. Almanake horrek eguzkiaren, ilargiaren eta planeten posizioa ematen dizkigu, baita urteko egun guztietan 99 izarren posizioa ere ezartzen ditu. Lehenik, sextantea erabiliko dugu hiru astroen altuera neurtzeko; bigarrenik, konpas magnetikoa beharko dugu azimuta –Iparrarekin sortzen duten angelua- neurtzeko; hirugarrenik, neurketa horiek guztiak egin ditugun ordua idazten da. Datu horiekin zenbait kalkulu trigonometriko egin eta horren emaitza dira puntu baten latitudea eta longitudea.

Astro guztiak Ekialdetik Mendebalderantz mugitzen dira, Iparretik Hegora doan ardatz baten inguruan jirabiran. Iparrizarra Ipar Poloan bertan dago eta, beraz, gainontzeko izarrak horren inguruan biratzen dira.
Zeruertza kontuan hartuta, Iparrizarraren altuera neurtzen dugu sextante baten bidez, eta gero itsas-almanakeak ezartzen dituen zuzenketa txiki batzuk eginda, puntu baten latitudea erraz neur daiteke.

Eguzkiaren edota itsas-almanakean azaltzen diren edozein astroren altuera eguerdian neurtzen badugu, astro hori Iparretik Hegoera doan lerroan gure posizioaren parean pasatzen denean, gure posizioaren latitudea ezartzen lortuko dugu.