Irratiaren erabilpena Pakea Bizkaian

Pakea Bizkaian bi irrati mota ditugu. Bata VHFa da, ontzitik ontzira hitz egiteko gailu astun bat. 30 edo 40 itsas-miliako irismen mugatua du eta ontzi guztiek eraman eta erabiltzen jakin behar dute. Kanal ezberdinetatik hitz egin dezakegu, eta bat, konkretuki, guztiek entzun behar dute: 16. kanala. Ontzian beti daramagu piztuta VHF irrati nagusia gutun-mahaian eta [...]

Pakea Bizkaian bi irrati mota ditugu. Bata VHFa da, ontzitik ontzira hitz egiteko gailu astun bat. 30 edo 40 itsas-miliako irismen mugatua du eta ontzi guztiek eraman eta erabiltzen jakin behar dute. Kanal ezberdinetatik hitz egin dezakegu, eta bat, konkretuki, guztiek entzun behar dute: 16. kanala. Ontzian beti daramagu piztuta VHF irrati nagusia gutun-mahaian eta beste esku-irrati bat lemaren ondoan, izan ere, haizearengatik eta motorearen soinuagatik batzutan ez baita ondo entzuten bizkarrean. VHFko 16. kanaletik deituz gero, edozein itsasontzirekin harremanetan jar gaitezke.

Belaontzian dugun beste irrati sistema uhin laburra edo HF da. VHF baino osoagoa da. Uhin laburra ia-ia mugarik gabekoa da, baldintza onak eta hedapen egokia baldin badaude.

Gauero Rafael del Castillorekin harremanetan jartzen gara. Del Castillo Kanarietako irratizalea da eta egunero gure posizioa kontrolatzen du behar ditugun meteorologiaren nondik norakoak jakinarazteko. Frekuentzia horretan, halaber, hitz egin dezakegu Altinorekin Azoresen eta Miguelekin Argentinan. Belaontzian daramagun irratia zhar samarra da baina baliogarria da. Ona eta fidagarria da, merkataritza-ontziko marinel profesionalentzat sortutakoa baita.

VHFk bezala, larrialdietarako kanal bat dauka, baita alarma sistema bat ere. Era berean, itsas zabalean luzaroan nabigatzen dugunean, kanpoan gertatzen ari denari buruzko informazioa jasotzeko saioak eta albistegiak entzuteko ere balio du.

Itasontzietan satelite bidezko telefonoak gero eta ohikoak diren arren, irrati sistemekin batera elkarbizitzen dute. Unai Basurko Pakea Bizkaiako kapitainaren iritziz, giza-harremanetarako egokiagoa da irratia, gertuagoa, eta planetako edozein lekutan dauden itsasontziak eta estazioak harremanetan jar ditzake batera eta ia kosterik gabe.

Azkenik, ohartarazi behar dizuegu irrati bidez hitz egiteko modurik egokiena, VHF edo uhin laburra erabilita ere, argi hitz egitea dela, astiro eta ondo ahoskatuta. Gainera, itsas alfabetoa ondo ezagutu behar da eta isiltasunak zein isiluneak errespetatu behar dira.

-Bizkaia, Bizkaia, Bizkaia. Pakea 16. kanaletik deika. Entzuten al didazue? “Cambio”.