Nabigazioa errazten duen tresna, sestantea

Nola egiten zuten gure aitzindariek itsasoan kokatu ahal izateko? Horretarako izarrak erabiltzen zituztela badakigu, eta hain baliogarriak zirenez, mendeetan zehar tresna eta teknika ezberdinak asmatu zituzten kalkuluen zehaztazuna hobetzeko. Asmatutako azkeneko gailuen artean sestantea dago.

Gaur egun, GPS-ari esker, oso erraza bihurtu da ozeano erdian dagoen itsasontzi baten kokapena zein den jakitea. Baina kokapen sistema hau oso berria da, batez ere nabigazioak duen historiarekin konparatzen badugu. Nola egiten zuten gure aitzindariek itsasoan kokatu ahal izateko? Horretarako izarrak erabiltzen zituztela badakigu, eta hain baliogarriak zirenez, mendeetan zehar tresna eta teknika ezberdinak asmatu zituzten kalkuluen zehaztazuna hobetzeko. Asmatutako azkeneko gailuen artean sestantea dago.

Zehaztasun handiko gailu honek ikuskatutako bi puntuen arteko angeluak neurtzen ditu. Horretarako bi ispilu ditu, finko mantentzen den bat eta zirkunferentzia baten seigarren zati baten gainean bira egiten duen beso baten gainean dagoen bestea. Horregatik bere izena, sestantea da. Honekin, angelu bertikalak eta horizontalak kalkulatu daitezke.

Aparatua erabiltzerakoan, lehenik eta behin, gradutan izar baten edo eguzkiaren altuera neurtzen da. Altuera hori erabilita eta neurria hartutako ordua ezagutuz, kalkulu ezberdinak egin ditzakegu latitudea eta longitudea asmatu ahal izateko. Honez gain belaontzitik puntu batetara dagoen distantzia ere neurtu dezakegu.

Angelu horizontalak neurtzerakoan, kostaldeko bi puntuen arteko angeluak kontutan ditugu, gero karta nautikora eramaten ditugu, belaontziaren kokapena lortuz.

Neurketa hauei etekina ateratzeko eta behar dugun informazioa lortu ahal izateko, beharrezkoa izaten da kalkuluak ondo egiten jakitea. Teknologia berriekin eta GPSaren agerpenarekin, gaur egun ia ez da sestantea erabiltzen. Hala ere, noizean behin, elektronika ibili ez daitekenez, ontzibarruan eramaten da segurtasuna bermatzeko.