Pakea Bizkaiara hezkuntza-bisitak egiteko izen-emate epea zabalik dago

2013ko October 2Informazio gehiago nahi duten hezkuntza-zentroek edota ikasleekin bisita egiteko izena eman nahi dutenek, jarri gurekin harremanetan info@pakeabizkaia.com helbidera idatziz edota 94 491 35 96 telefono zenbakira deituz.

Pakea Bizkaia hezkuntza proiektuaren egoitzako ateak zabalik dira berriro ere hezkuntza zentroentzat. Apirilean Antartikako espediziotik bueltatu ostean, eta udaberriko hilabeteetan egin bezala, urrian, azaroan eta abenduan, itsas-espedizio horretan izandako esperientzia eta bizipenak partekatuko dira ikasleekin.

Azkeneko hiru urteetan, munduan zehar itsas-espedizio ezberdinak egin ondoren, ingurumen hezkuntza proiektu bat eskaini zaie LH eta BHko ikasleei. Horren bidez, itsasoko bioaniztasunaren egoeraren berri emateaz gain, itsasoaren kontserbazio eta babesari buruzko informazioa eskaini zaie. Gainera, espedizioetan ontzilariek izandako nabigazio-bizipen eta elkarbizitza esperientziak ikasleei kontatzeko aukera aprobetxatzen da, horrela belaontzietan ematen den talde lana eta elkartasunaren garrantzia azpimarratuz.

Hori guztia gauzatu ahal izateko, Getxon dagoen Pakea Bizkaiaren egoitzara bisita bat eskaintzen zaie hezkuntza-zentroei. Horretan, espedizioan zehar grabatutako dokumentala ikusteko aukera dute, hezitzaile eta umeen artean, ozeanoak eta hauen bioaniztasunaren kontserbazio eta babesari buruzko elkarrizketa sortzen den bitartean. Bisitaren bigarren partea belaontzia izango da, bertan bela nabigazioari, energia garbiei, ontzibarruko bizitzari eta beste hainbat gaiei buruz hitz egiten delarik.

Jarduera lehenengo zein bigarren hezkuntzako ikasleei zuzentzen zaie eta gehienez bi talde edo 50 ume bertaratu daitezke egunero. Bisitak, goizeko 10:00etan hasten dira eta 2 ordu eta laurdeneko iraupena dute.
Jarduera debaldekoa da eskolentzat, baina etorri ahal izateko ezinbestekoa da unitate didaktikoak aurretik lantzea. Unitate hauetan, itsasaldietan jorratutako gai ezberdinak lantzen dira, hala nola, itsasoko bioaniztasuna, bela nabigazioa, geografia, energia iturri garbiak, gizakiok itsasoetara isurtzen dugun kutsadura eta sortzen ditugun kalteak, ontzibarruko bizitza, etab.

Getxoko kirol portura etortzeko zailtasunak izatekotan, ontzilari bat eskolara joateko eta ikasleekin dokumentala ikusi eta komentatzeko aukera ere eskaintzen da. Kasu honetan, saioa ordubetekoa izaten da.

Hurrengo hiruhilabetekorako bisiten egutegiaren antolaketa egiten ari gara, beraz informazio gehiago nahi duten hezkuntza-zentroek edota ikasleekin bisita egiteko izena-eman nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan info@pakeabizkaia.com helbidera idatziz edota 94 491 35 96 telefono zenbakira deituz.

Atrás