Jasangarritasunaren aldeko mezua ikasleen artean zabaltzen ari da Pakea Bizkaia hezkuntza-proiektua

2013ko April 18Lezamako herri eskolako 40 bat ikaslek Pakea Bizkaiako proiektuko egoitza eta belaontzia bisitatu dute. Belaontzia Getxoko Kirol Portuan dago apirilaren 7tik, Antartikako espedizioa amaitu zuenetik.

Antartikako espedizioa amaitu berria (2012ko urriak 7-2013ko apirilak 7), “Pakea Bizkaia. Etorkizuneko itsasoa” hezkuntza-proiektua buru belarri dabil sei hilabeteko nabigazioan jaso duten materiala prestatzen eta zabaltzen. Zeharkaldi osoan kameralariek irudietan islatu duten biodibertsitate handia baliatuko dute hemendik aurrera hezitzaileek ozeanoko bizitza zelakoa den azaltzeko eta hori babestea hain garrantzitsua zergaitik den jakinarazteko.

Ingurumenaren aldeko sentsibilizazio-lana ez da eten Pakea Bizkaia nabigatzen aritu den bitartean, baina oraingo bisitak osoagoak dira, belaontzia barrutik ezagutu daitekeelako. Aukera horrek Bizkaiko ikastetxeen interesa pizten du, hezkuntza-proiektua ezagutzera gerturatzen diren ikasle gehienentzat lehen hartu-emana baita bai nabigazioarekin bai bela alorrarekin.

Lezamako herri eskolako 5. eta 6. mailako 37 ikasle goizean izan dira Getxon Pakea Bizkaia belaontzia eta bideogela ezagutzen. Bertan espedizioko biodibertsitatea islatzen duen ikusentzunezkoa ikusi dute eta hezitzaileen azalpenak entzun dituzte.

Bideoan ikusi ahal izan dituzte Antartikako pinguinoak, Valdes Penintsulan (Argentina) bizi diren itsas txakurrak, itsas elefanteak eta itsas lehoiak, baita Pakea Bizkaiak ozeanoko nabigazio osoan lagun izan dituen uzirdeak eta baleak ere. Pakea Bizkaiako hezitzaileen argibideei esker, animalia horiek zelan bizi diren ikasi ahal izan dute eta, horiek eta itsasoko beste animalien biziraupena bermatzeko itsasoko habitata zaintzea zein garrantzitsua den ohartarazi diete.

Ostean, Pakea Bizkaiako belaontzira joan dira itsasontziko zirrikiku guztiak ezagutzera. Unai Basurkok hezkuntza proiektua abiatu zuenetik hiru espedizio egin ditu belaontzi horretan (Ipar Lurmuturra 2010, Groenlandia-Ternua 2011 eta Antartika 2012-2013). Ikasleak urduri eta emozioz beteta zeuden zenbait hilabetez guztira 20 tripulatzaileren bizitokia izan dena barru-barrutik ezagutu ahal dutelako.

Lezama herri eskolakoa ikasturteko bederatzigarren bisita da. Pakea Bizkaia proiektuak ikasleen bisitak jasotzen jarraituko du ekainaren 21 arte, ikasturtea amaitu arte, alegia. “Egun batzuetan bi ikastetxe ere etorriko zaizkigu”, azaldu du Andrea Ruiz Hezkuntza arloko koordinatzaileak. “Proiektuak bi atal ditu: espedizioa eta hezkuntza proiektua. Azken hori funtsezkoa da, espedizioan bizitakoa eta ikasitakoa gizarteratzen ahalbidetzen digulako”, gehitu du Ruizek.

2010etik hona 12.000 ikaslek ezagutu dute Pakea Bizkaia proiektua. Ikasturte honetan 3.000 bat ikasle izango dira Getxoko hezkuntza gelan, baita aisialdi elkarteko zenbait kide eta beste erakunde batzuetakoak ere. Bisitak dohakoak dira eta horien aurretik hezkuntza zentroek proiektuko hezitzaileek prestatutako unitate didaktikoak ikasturtean zehar lantzeko konpromisoa hartzen dute. Itsasoaren bioaniztasuna, nabigazioa eta geografia, besteak beste, jorratzen dituzte. Unitate horietako edukia, gainera, maila desberdinei egokitua da, lehen hezkuntzako 3-6. mailako ikasleentzat eta DBHko 1. eta 2. mailakoentzat. Era berean, espedizioetan ikusten dituzten animaliei buruzko fitxak ere eskura ditzakete ikastetxeek. Horrela, modu jostagarrian ikas dezakete.

Irakasleek zein ikasleek oso balorazio ona egiten dute bisitaz eta aurretik lantzen diren unitate didaktikoez. “Oso baliagarriak dira Biologia edota Matematikako gaiak eta testuak lantzeko”, esan du Luisma del Valle, Lezamako herri eskolako 6. mailako irakasleak. “Iaz etorri ginen belaontzia bisitatzera eta oso ekimen interesagarria iruditu zitzaigun. Antartikako espedizioa gertutik jarraitu dugu webgunearen bidez. Ikasleek iruzkinak eta posta elektronikoak ere bidali dizkiete ontzilariei”, erantsi du.

Unai Basurkok, proiektuaren zuzendariak eta belaontziko kapitainak, nabarmendu duenez, “hezkuntza-proiektuaren helburua da umeak kontzientziatzea ozeanoak eta planeta osoa zaintzeko beharraz. Beste erakunde eta elkarteen lanari gure ekarpena egiten diogu, eta, gure kasuan, belaontziaren bisita eskaintzen dugu eta ontzilariekin hitz egite dute espedizioari buruz, modu desberdin eta erakargarria iruditzen baitzaigu”. Izan ere, Del Vallek berresten du Basurkoren iritzia. “Belaontziaren bisita umeak hezkuntza-proiektura erakartzeko amurik onena da”.

Unai Basurko nabigatzaileak zuzentzen duen hezkuntza-proiektuak burutu berri duen espedizio honetan, belaontzia Antartikako Penintsulara iritsi da. Bidean Kanariar Uhartedian, Cabo Verden, Argentinan, Txilen eta Uruguain porturatu dira. Espedizioak hiru atal izan ditu, tripulazioaren aldaketek ezarri dutena: Bilbo-Bahía Blanca, Bahía Blanca-Antarktiar Penintsula-Ushuaia eta Ushuaia-Getxo. Sei hilabeteotan, Pakea Bizkaiak nabigatu du bere ikurra den itsasoarenganako maitasuna eta errespetuzko mezua zabaltzen.

Atrás