Pakea Klubak kudeatuko du, Aste Santutik aurrera, udaleko Bela Eskola

2014ko March 28Getxoko Udalak eta Unai Basurko itsasgizonaren erakundeak akordioa egin dute

pakea getxo bela eskolaGetxoko Udalak eta Unai Basurko itsasgizon profesionalaren Pakea Klubak akordioa egin dute Aste Santutik aurrera eta datozen lau urteetan erakunde horrek udaleko Bela Eskola kudeatzeko, “Pakea Getxo Bela Eskola”. Gaur goizean bertan eman dute aipatu hitzarmenaren berri Eskolako instalazioetan, Getxoko Kirol Portuan izandako ekitaldian. Han izan dira Imanol Landa Getxoko alkatea, Álvaro González Kirol zinegotzia eta Unai Basurko bera.

Pakea Klubak urte askotako eskarmentua dauka bela kirolean, eskifaia eta taldeen sorkuntza eta trebakuntzan, nabigatzaileen prestakuntzan eta eskola-umeei zuzendutako ingurumen-hezkuntzako programetan. Pakeako taldeak hartuko du ardura eskolan, modu batera edo bestera, parte hartzea erabakiko duten erabiltzaile eta taldeekin zuzenean lan egingo duten profesionalak trebatzeko eta beren jarraipena egiteko. Lantalde hori hainbat gazte euskaldunek, nabigazioaren eta hezkuntzaren alorretan eskarmentu handia dutenek, osatzen dute. Izan ere, lagun horietako gehienak inoiz Pakea Bizkaia belaontziko tripulazioko kide izan dira.

pakea getxo bela eskolaAlkateak, Imanol Landak adierazi duenez, “Eskolaren proiektuak belako itsasketaren artea ezagutzera ematea izango du ardatz nagusi, gure historia eta kulturaren alderdi garrantzitsu bezala aurkeztuz, baita edozein adinekorentzat kirol eta aisialdiko jarduera erakargarri gisa”.
Halaber, eskolaren helburu nagusiak izango dira, Landaren esanetan, “besteak beste, talde-lanaren, adiskidetasunaren, esfortzu eta apaltasunaren baloreak helaraztea, eta itsasoaren eta bere biodibertsitatearen ezagutza eta zainketa sustatzea”.

Era berean, udalerriko ikastetxeek egingo dituzten jardueren artean belako nabigazioa sartzea bultzatuko da. “Hori guztia 2014 honetako testuinguru eta esparruan, non Getxo Europako Kirol Hiria izendatu duten”, azpimarratu du Landak.

Alkatea pozik zegoen eskolaren gestioa “azken urteetan Euskadin bela kirolaren erreferente bihurtu den Unai Basurkoren eta bere taldearen, itsasketa zein hezkuntza alorretan eskarmentu handia duen taldearen eskuetan izango delako. Uste dugu aukerarik onena dela kirol hau sustatu eta zabaltze aldera”.

Bestalde, Unai Basurkok azpimarratu duenez, “gure lantalde osoarentzat erronka berri eta erakargarria da nabigazio-artea transmititu ahal izatea, itsasoarekiko zaletasun eta errespetuarekin batera. Eta hala, azken lau urteetan egindako heziketa-lanari jarraipena ematen diogu, hainbat ontzitan nabigazio-praktikekin osatuz. Gogo handiz egingo dugu lan, gurekin Pakea Getxo Bela Eskolan ontziratzen den edozein ikaslek bai itsasketa kirola bai itsasoa behar bezala ezagutu dezan”.

Lau zerbitzu nagusi eskainiko ditu

pakea getxo bela eskolaEskolaren oinarrizko jarduera lau zerbitzu nagusik osatuko dute. Ikastaro egutegi zabal bat ez ezik, Aste Santutik aurrera 8 urtetik gorakoek gozatu ahal izango dituzten hastapen zein hobekuntza-ikastaroak, klubeko bazkide izateko aukera emango dute, belaz gozatzeko abantailak barne, itsasontziak alokatzeko zerbitzua eta ikastetxeei bela-bataioak egiteko aukera ere eskainiko ditu.

Jarduera Aste Santuan hasiko da, 20 orduko ikastaro bereziak antolatuta, bi txandetan. Lehenengoa, apirilaren 17tik 20ra eta bigarrena apirilaren 21etik 25era. Prezioak 90 eta 130€ bitartekoak izango dira 8 eta 15 urte arteko gaztetxoentzat, eta 120 eta 160€ artekoak 16 urtetik gorakoentzat. Kasu guztietan, eta ikastaroaren arabera, prezioa 20 edo 30€tan areagotuko da Getxon erroldatuta ez dauden pertsonentzat.

pakea getxo bela eskolaAste Santutik aurrera astegunetako eta asteburuetako ikastaroak antolatuko dira, beti ere taldea osatzen bada. Udan, ikastaro bereziak eskainiko dira berriro ere. Ikastaroak, eskarien arabera, gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez emango dira.
Unai Basurko buru duen PAKEA proiektuaren historia, bere helburuak eta hurrengo erronkak zuzenean ezagutzeko aukera ere eskainiko dute. Open 60 PAKEA Munduari Itzulia bakarka eta taldearen lehorreko basea bisitatu ahalko dira.

Pakea Getxo Bela Eskolak, horrez gain, liburutegi nautikoa eta zineforuma ere izango ditu. Eta zabalik egongo da ere nabigazioari eta itsasoari lotutako hitzaldi eta biltzar edo beste zenbait trebakuntza egiteko. Horretarako, itsasoarekin, bere ingurunearekin, babesarekin edo kontserbazioarekin zerikusia duten erakunde edo elkarteek eskola erabili ahal izango dute.

Inskripzioak eta informazioa:
www.pakeagetxobelaeskola.com; e-posta:
info@pakeagetxobelaeskola.com; Tel.: 94 491 35 96/ 94 491 66 32.

Atrás