“Umeak eta gazteak itsasora erakartzea etorkizun hobe batentzako zutabe egokiak dira”

2013ko January 18Galiziako nabigatzaile familia batean hazia, Álvaro Mozos 33 urteko merkantzia-nabigatzailea ilusio handiz eta "dena emateko prest" igo da Pakea Bizkaiara. Ez du alferrik galduko Pakea Bizkaiak Antartikara joateko eman dion "aukera paregabea".

Álvaro Mozos, duela 33 urte Pontevedran jaioa, merkantzia-nabigatzailea da eta espedizioaren bigarren etapan parte hartzen ari da (Bahía Blanca-Antártida-Ushuaia).

Mozos nabigatzaile familia batean sortua da eta ilusio handiz ekin dio Pakea Bizkaiaren espedizioari. Horrenbeste interesgune ikusten dizkion, nekez nabarmendu dezakeela bat. “Etapa osoa da interesgarria, baina Hornos lurmuturra zeharkatzea, dudarik gabe, nabigatzaile batek egin dezakeen itsasaldirik esanguratsuenetakoa da”, adierazi du Mozosek. “Eta, nola ez, Antartika. Zenbat aldiz izan dezake pertsona batek bere bizitzan kontinente izoztura joateko aukera?”, erantsi du.

Mozos dena emateko prest igo da Pakeara. “Nabigazioan eta elkarbizitzaren ohiko lanetan laguntzea, konponketa txikiak, sukaldean…”.

“Nire bizitzaren esperientziarik garrantzitsuenetakoaren aurrean nago. Aukerak, beraz, mugaezinak dira: arlo guztietan haztea espero dut, profesionalean zein gizaki bezala. Izan ere, abentura bat bizi nahi dut”, esan du galiziar itsasgizonak.

Haurtzaroan errotu zuen Mozosek itsasoarekiko harremana. “Bi hilabete nituela, nire aitak nabigatzera eraman ninduen familiaren ontzian, Apanociman. Ondoren etorri zen Albatros, bertan hazi nintzen”, gogoratzen du. Álvarok maitasun handiz gogoratzen du lau urte zituela familiarekin batera Cies irletara egindako txangoa. “20 itsas-milia baino ez dira baina gutxitan izan dut nire bizitzan hain esperientzia handia: irla bakarti batean zure familiarekin, itsasontzi batean bizitzen, A ze abentura hiriko ume batentzat!”, oroitzen du. “Espedizio honetan, sentsazio haiek berpiztu eta areagotu ere egingo ditut”.

Espedizioari egingo dion ekarpenari buruz, “Nabigazioan eta Itsas Garraioan lizentziatua naiz, beraz, eginkizun honetarako oso egokia da nire ezagutza. Gainera, belan nabigatzen ari naiz txiki-txikitatik. Arlo pertsonalean, elkarbizitzara erraz moldatzen naiz eta umore onekoa naiz”.

Itsasgizona denez gero, Álvaro Mozosek ondo daki bizitzen ari den abentura honek “miliak egiten” ahalbidetzen diola eta, hortaz, esperientzia emango diola. Gainera, “BT batean nabigatzea, Unai Basurko eta Gonzalo Terceño agintean daudela, eskola apartekoa da”. Itsasaldi honek emango dion poztasun pertsonala ere ez da txikia. “Alor pertsonalean ere ekarpen handiak izango ditut, baina itzuli arte ez dut jakingo zeintzuk izango diren”.

“Nire beldurrik handiena da abentura hau bizitzea galarazten didan zerbait gertatzea. Hala ere, pentsamendu hori burutik berehala kentzen saiatzen naiz”, aitortu du.

Álvaro baikorra da. “Dena ondo joango delakoan nago. Elkarbizitza eta osasuna ona izatea espero du, eta itsasoa, latitude austral horietan gaudela kontuan hartuta, onbera ere izango dela uste dut”. “Denboraleak abenturaren parte dira, gogorrak dira bizitzen diren uneetan, baina gero maitasunez gogoratzeko modukoak dira eta besteei kontatzea izugarri gustatzen zaigu… Adoretsuak nahi ditu itsasoak!”, dio.

Pakea Bizkaiak ingurumenarekiko duen konpromisoa oso garrantzitsua dela nabarmendu du. “Itsasoa eta horren baloreak gizarteari eta, batez ere, umeei hurbiltzea etorkizun hobe batentzako zutabe egokiak dira”.

Atrás