Izotzan zehar nabigatzen

Groenlandiako ur hotzetan zehar nabigatu nahi duen edonork, aldez aurretik izotz iragarpenak behatu behar ditu.

Danimarkako Meteorologi Institutuak hiru egunean behin gaurkotzen ditu internet bidez argitaratuz (www.dmi.dk), bestela irrati bidez kontsulta daitezke.

Oso bitxia izaten da, egun gutxitan izotzak eta honen lodierak izandako garapena ikustea. Izotza bizitza balu bezala ematen du, nabigatzen, urtzen eta oso epe laburrean berriro indartzen.

Izotz zatiak adinaren arabera sailkatzen dira, denboraldikoak edota urte gehiago dituztenen artean ezberdinduz. Mapa hauetan loditasun ezberdinak ikusteaz gain, metatze portzentaiak ere ikusi ditzakegu batetik bederatziraino doan sailkapen batean. Zenbaki bakoitzak kolore batekin azaltzen da, horrela ibilbide bat aukeratu dezakegu aldez aurretik. Batzutan, eremu berdinean, lodiera ezberdineko izotz zatiak aurkitu ditzakegu, haize eta korronteen ondorioz, 24 ordutan aldatu daitezkeenak.

5 eta 6 arteko lodiera daukaten izotzen artean nabigatzea ez da komeni nabigazio esperientziarik ez izatekotan. Horretarako, itsasontzi egoki bat izan behar da, metalezko krosko eta branka indartsu batekin. 9 batekin sailkatutako izotzen artean ezinezkoa da nabigatzea, izotz trinko eta sartezina dagoela esan nahi baitu.

Bestalde, 1 eta 4 arteko lodiera duten izotzen artean nabigatzea esperientzia ezin hobea izan daiteke, hori bai, itsaso eta haize barea izatekotan. Hala izanda, paisaia hunkigarri batekin goza dezakegu 2 edo 3 korapiloko abiadura batean bide berriak topatuz.

Mapa hauetan Groenlandia hegoaldeko izotzen sailkapen ezberdinak ikusi daitezke eta nola egun gutxitan, asko mugitzen diren.

Izeberg handien kokapena ere ikus daiteke, baina ez askatzen diren zati txikiena, nabigaziorako arriskutsuak izaten direnak. Izeberg handi bat ikusten dugunean haizealdetik  (haizea datorren norabidea) pasatu behar dugu, zati txikiak haize berarantz (haizea doan norabidea) desbideratzen baitira.