Bizitza eta nabigazio ESKOLA

Gaur, Noruegako Stavanger hirian duela 20 urte martxan jarri zuten iniziatiba bat ezagutu dugu. Engoyholmen Kystkultursenter deritzo proiektu honi eta herrialde honetako itsas-ondare kulturala berreskuratzen saiatzen ari dira, heldu eta gazteen birgizarteratze hezkuntza programen bitartez.

Proiektua aintzinako egurrezko ontziak berreskuratzeko edo aintzinako eredu horiekin berriak eraikitzeko asmoekin sortu zen. Denborarekin, ohartu ziren herrialde honetako itsas-kultura hezkuntza arloko proiektuekin lotu zitekeela. Honela, ontzigintza-eskola hau eraiki zuten, non nerabe eta gazteek Itsasotik gertu dagoen inguru batean itsasontzien eraikitze eta berreskurapen lanbidea ikasi dezaketen. Gaur egun, hezkuntza sistema honetan 13 urtetatik gorako nerabeek ikasten dute, ohiko eskolaren alternatiba bat bezala.

19 urtetatik gora, eta ikasketa fase ezberdinetatik pasa ondoren, gazteetako batzuk aukera dute itsasontzi-eskola batean ontziratzeko eta honela hilabeteetan zehar elkarbizitzeko eta ontzi barruko bizitza ezagutzeko. Autodisziplina, lan-taldea eta ontzi barruko egunerokotasunak, gazteei lurreko bizitzarako erabilgarriak diren nolabaiteko ohiturak berrartzen laguntzen die.

Ontzigintzan lan egiten duen jende guztia ez dago langile moduan, badaude ere pertsona bolondresak beraien denbora zentroan garatzen diren hainbat eginkizunetan pasatzen dutenak. Gainera eskolak adin guztietako ikasleentzako iharduerak antolatzen ditu, berreskuratutako ontzietan nabigatzeko aukera eskeiniz, arrantza egiteko, ontzigintza ezagutzeko, eta azken finean, itsas bizitzaren inguruan dabiltzan lanbide tradizionalekin lotura estuagoak garatzeko. Helburuetako bat, ume eta gazteek itsas ingurua eta honekin erlazionaturiko gaiak gertuagotik ezagutzea da,  nolabaiteko zaintza ardura lortzeko asmoekin.

Ontzi guztiak metodo tradizionalekin eta egur autoktonoarekin eraikiak daude. Orokorrean, pinua erabiltzen dute, eta zuhaitza bota aurretik banan banan aukeratzen dituzte, honelako ontzi bereziak egiteko ezin delako edozein egur erabili.

Pakea Bizkaitik oso positiboki baloratzen ditugu honelako proiektuak, nabigazio tradizionalaren mirespenarekin, herri bezala dugun gure historiaren alde bat ezagutu eta berreskuratzea laguntzen delako. Gainera, ume eta gazteen beharrezkoa den hezkuntzan parte hartzen da, baita helduagoen kontzientziazioan ere.

Informazio gehiago  www.engoyholmen.no.