HAIZEA eta nabigazioko NORABIDEAK

Haizea da motorra erabili gabe toki batetik bestera eramaten gaituen indarra. Belarekin nabigatzen ikastean haizea nondik datorren jakitea da garrantzitsuena eta nora joan nahi dugun ere, honela belak era egokian izango ditugulako.

Haize jakin baterako egin ditzakegun ibilbide ezberdinak ikusi aurretik, ezinbestekoa da jakitea belauntzi batek ezin duela haizearen kontra nabigatu. Aurreratu ahal izateko, beti haizearekiko angelu txiki bat zabaldu behar izango dugu. Ez badugu egiten belak flameatzen hasiko dira (kolpeak ematen) eta geldirik geratuko gara.

Tinkatuz edo zeinidaz nabigatzea:

Haizearekiko ahalik eta angelu itxienean nabigatzean datza. Kasu honetan eskotak tenkatu beharko ditugu belak ahal ditugun lotuen eramateko. Ez da nabigazio oso erosoa itsasontzia eskoratu (okertu) egingo delako. Gure helmuga haizea datorren norabidean badago, hara iristeko zig-zagean nabigatu beharko dugu.

Oharra: Zeinidaz nabigatzeko haizearekiko gutxienez 45 graduko angelua izan behar dugula hartuko dugu kontutan.

Deskuartelatzean nabigatzea:

Haizearekiko angelu txiki bat zabaltzean datza. Kasu honetan eskotak piska bat luzatu beharko ditugu belak horren lotuak ez daitezen joan. Nabigazio hau zeinidan joatea baino apur bat erosoagoa da. Haizearekiko angelua 60 bat gradukoa izango litzateke.

Zeharka nabigatzea:

Haizea eta proaren arteko angelua 90 bat gradura zabaltzean datza. Kasu honetan belak piska bat gehiago luzatuko ditugu. Nabigazio oso erraza eta azkarra da.

Luzera batera nabigatzea:

Haizearekiko angelua oraindik gehiago zabaltzean datza, 110 gradurarte. Eskotak gehiago luzatzen jarraituko dugu. Nabigazio honetan eskora (okerdura) ia desagertarazi egingo da.

Hegalaz nabigatzea:

Haizearekiko 135 bat gradutara nabigatzean datza. Haizeak bere indar guztiarekin aurrerantz bultzatuko gaitu. Eskotak gehiago luzatuko ditugu belak gehiago puztu daitezen eta honela bultzatze horretan laguntzeko. Ez da eskorarik (okerdurarik) egongo. Hegalaz nabigatzean, arreta izan behar dugu haizearen norabidearen aldaketarekin itsasontziak nahigabe traslutxatzen (haizea popatik pasatzea) duen puntutik oso gertu gaudelako.

Popa borobilaz edo popaturik nabigatzea:

Haizea itsasontziko popara eramatean datza, haizearekiko 170 bat gradutara. Nabigazio zailena da oso ezegonkorra delako eta itsasontziak nahigabe traslutxa dezakeen puntua oso oso gertu dagoelako. Popaz nabigatzean bela bakoitza alde batera eraman dezakegu, hau da, nagusia alde batera eta genoba bestera. Modu honetan nabigatzea astoaren belarriak bezala ezagutzen da.

BELAK ESTUTZEN

Garrantzitsua da argi izatea haizearekiko norantzaz aldatzen dugun aldiro beharrezkoa dela belak egoki izatea. Haizera gerturatzen bagara eskotak estutu egin beharko ditugu belak alisatzeko. Haizetik urruntzen bagara berriz, eskotak luzatu beharko ditugu belak ez daitezen horren lauak joan eta piska bat gehiago puztu daitezen.

Hala eta guztiz ere, bela bat noiz estutu edo luzatu behar den jakiteko oinarrizko araua erraza da, belak flameatzen utzi arte estutu eskotak.