ESKOLA UMEEN BISITAK

2011ko November 10Hilabete honetan, eskolek Pakea Bizkaiara egiten dituzten bisitak hasi dira.

Hurrengo hilabeteetan goizero emango diegu ongietorria Bizkaia osotik etorriko diren adin guztiko ume eta gazteei. Iaz lehenengo hezkuntzako umeak etorri ziren gehien bat, baina aurten, bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako gazteei ere aukera eman nahi diegu.

Bisitan, Pakea Bizkaia belaontzia ezagutzeaz gain, aurten egindako espedizioaren dokumentala ikusi ahal izango dute. Honetan, Groenlandia, Kanada (Labrador, Quebec eta Ternua) eta Azore irletan ikusitako eta bizitako esperientziak ezagutu ahal izango dituzte. Espedizio honetan zehar, gure arrantzaleek XVI. mendean baleak ehizatzeko egin ohi zituzten itsasaldiak errepikatzeaz gain, hauek egondako lekuak bisitatu eta utzitako aztarnak ezagutu ditugu. Gainera, dokumentalean, itsasaldi osoan zehar belaontzira hurbildu ziren zetazeo guztiak ikusi eta ezagutu ahal izango dituzte.

Belaontzian, ontzibarruko bizitza  eta nabigatzerakoan ematen den talde lana nolakoa den ezagutu ahal izango dute.