Unai Basurkol Laurak bat Euskal Etxean hitzaldia eman zuen

2012ko November 23Larunbatean ate-ireki eguna.

Pakea Bizkaiako kapitaina eta ontzilariak arratsalde hunkigarria izan zuten atzo Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxean. Bertan, hirian bizi diren hainbat euskaldun-argentindar ezagutzeaz gain, Euskal Etxean gure kultura bizirik mantentzeko martxan dituzten jarduerak eta proiektuak ezagutu ahal izan zituzten. Laurak Batek 135 urte bete ditu, Euskal Herritik kanpoko zentroen artean zaharrena delarik. Gainera, gerra ostean ere, bizirik mantendu ahal izan zuten, Euskal Herrian gertatu ez zen bezala.

Zentroan euskara klaseak eskaintzen dira ume, gazte zein nagusientzat; horrez gain, adin ezberdinetako euskal-dantza talde ugari dituzte eta eskupilotan edo palan jolastu nahi duenak, bertan daukaten trinketera hurbildu daiteke.

Bisita gidatu baten ostean, Unai Basurkok proiektuari buruzko hitzaldi-proiekzio bat eskaini zuen, euskaldun eta nabigatzaile ugari hurbildu zirelarik ontzilariak eta hauen espedizioa ezagutzera. Unairentzat esperientzia berezia izan zen atzerrian bizi diren euskaldunei nabigatzen nola hasi zen kontatzea, bere senideak ere Venezuelara emigratu behar izan baitzuten guda osteko garaian, eta horretarako Atlantikoa gurutzatu behar izan zuten itsasontzi batean ere.

Hitzaldira hurbildu ziren euskaldunen artean, Rosarioko Euskal Etxeko ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere bazeuden. Baita Argentinan oporretan zeuden bizkaitar batzuk, proiektuari buruzko hitzaldia zegoela entzun zutenean bertara hurbiltzea erabaki zutenak.Ontzilari guztientzat oso hunkigarria izan zen Euskal Etxeetan euskal izaera eta kultura bizi-bizirik mantentzeko egiten duten lana ezagutzea.

Bihar goizean, belaontzia eta proiektua ezagutzeko aukera izango da, Pakea Bizkaiaren ateak zabalduko baitira. 12.00etan puntu-puntuan NANarekin Yacht Club Puerto Maderoko sarreran daudenek proiektua ezagutzeko aukera izango dute .

Argazki gehiago.

Atrás