IPAR MUTURRERAKO PRESTATZEN

2010ko September 10Atzo, Irailak 9, PAKEA BIZKAIA Tromso portura iritsi zen, eta hauxe izango da, eguraldiak uzten badu behintzat, Ipar Muturrera iritsi aurretik burutuko duten azken geldialdea. Ibilaldia lasaia izan zen, Antizikloi baten eraginpean zeudelako, eta aurreikuspenen arabera beste bi egunetan zehar jarraituko du, eguraldiak txarrera jotzerarte.

Tromso, 66.000 biztanlerekin, Noruega iparraldeko hiriburua da. Ipar Polotik 2.000 km-tara dago eta Iparraldeko komertzioaren hiriburua da, baita Noruegako unibertsitate zentrorik garrantzitsuenetakoa. Bigarren mundu-gerratean, 3 astez izan zen herrialde honetako hiriburua. Artikora burutu izan diren espedizio garrantzitsuenetakoen irtenuneetako bat ere izan da Tromso, 1928ko Roald Amundsen-ena kasu.

Geldialdi hau aprobetxatuko dute itsasontzia Ipar Muturrerako falta zaizkien azken 150 milietarako ongi prestatzeko. Ur-tankeak bete, gasoila egin,  beharrezkoa den guztia prestatu eta antolatu, eta batez ere, guztia egoera onean dagoela egiaztatu. Dena ongi joan ezkero, muturrera iristeko falta zaizkien 150 miliak 30-35 ordutan egitea espero dute. Honen ondoren, latitudeak galduz jeitsierari hasiera emango diote.