Kanariar Uharteei agur esan die Pakea Bizkaiak

2012ko October 22Cabo Verderantz.Irlatik 658 miliatara dago, 8 t’erdi korapiloko abiaduran eta metro erdira iristen ez diren olatuekin. Lehenengo 24 ordutan motorrarekin nabigatu du, izan ere, ez zegoen haizerik, baina orain, 15 korapilorekin, belak zabalik egiten du. Aste honetako aurreikuspen meteorologikoek eguraldi ona izango dela diote, eta ekialde eta iparekialdeko haizeak. Horiek 20 korapilokoak izango direlarik azken egunetan. Pakea Bizkaia ostiralean Cabo Verdeko hiriburura iritsiko dela estimatzen da.

Zortzi eguneko zeharbidearen ostean, Pakea Bizkaia belaontziaren tripulazioa astebetez egon da lehorrean, ostegunean izan ezik, Kanaria Handiko Las Palmastik Tenerifera egin baitzuten bidaia. Lehorrean egon diren bitartean, mantenimendu eta hornitze lanak egiteaz gain, proiektuaren dibulgazioarekin ere jarraitu zuten.

Kanaria Handian, Rafael del Castillo Rueda de Navegantes elkarteko zuzendari eta irratizalea elkarrizketatu zuten eta ate irekien jardunaldi bat ere egin zuten. Ondoren, Pakea Bizkaiaren tripulazioak zeharkaldi laburra baina oso gogorrari egin zion aurre. 40 itsas milia soilik izan ziren arren, haizeak 30 korapiloko abiadura hartu zuen eta euria erruz aritu zen. Horren ondorioz, olatuek etengabe jo eta blai utzi zuten belaontzia. Tenerifeko Santa Cruzeko portura iristea lortu zutenean, lehorrean egon ostean itsasorako bueltaz hitz egin zuen tripulazioak eta zeharkaldi luzeak ez direla beti zailenak izaten berretsi zuen.

Joan zen ostiralean, José Carlos Hernándezekin bildu ziren Pakea Bizkaiaren tripulatzaileak La Laguna Unibertsitateko Biologia Fakultatean. Itsas Biologiako eskolak emateaz gain, klimaren aldaketak eragindako uraren edifikazioak itsas trikuen espezieetan eta, ondorioz, kate trofiko osoan duen eraginari buruzko zenbait ikerketa gidatzen ditu Hernándezek. Era berean, arrantzak espezie batzuen kontserbazioan duen eragina murrizteko itsasoan erreserbak sortzearen alde buru belarri dabil bere lantaldearekin batera. Horren adibideak dira Kanariar Uharteetan azken lau urteotan sortu diren erreserbak. Bertan, arrantza eta itsasoaren baliabideak zentzuz erabilita, arriskuan zeuden espezie eta ekosistema ugari bere onera etorri zirela nabarmentzen du Hernándezen lantaldeak.

Hernández irakaslea elkarrizketatu ondoren, tripulazioko kideek Pakea Bizkaiaren proiektuaren berri eman zuten Itsas Biologia Fakultateko gradu aretoan. Partehartzaile gehienak ikasleak ziren, eta horien eta tripulazioko kideen arteko elkarrizketa aberatsa sortu zen. Tripulazioan parte hartzeko prozesuaz galdetu zuten ikasleek, eta belaontzian daramaten bizimoduak eta nabigazioak ere piztu zuten haien interesa. Hain harrera ona izan zuen hitzaldiak, ikasleek belaontzia ezagutzeko gonbita ere jaso zutela. Bertan zeudela, heziketa proiektuaz eta Patagoniarako eta Antartikako Penintsularako espedizioaz azalpenak eman zizkien Pakea Bizkaiako tripulazioak.

Larunbatean, atseden egunean, elikagaien biltegia hornitu eta datorren etapari aurre egiteko prestakuntza lanak egin zituzten.

Geldialdi horren ondoren, atzo, igandean, goizeko 10:00ak aldera, Teneriferi agur esan zioten eta Cabo Verderantz abiatu ziren.

Atrás