Pakea Bizkaia ikastetxeetan dago berriro

2013ko March 7Pakea Bizkaiaren oinarrizko helburua hezkuntza egitasmoa da. Eskolen bisita barik, belaontziak egiten dituen espedizioek ez lukete inongo baliorik izango. Horietan eskola umeei bela nabigazioa, ontzibarruko bizitza, itsasoko bioaniztasuna eta itsasoak zaindu eta errespetatzearen garrantzia aurkezten diegu.

Aurreko espedizioak udan egin ditugu eta horri esker eskola bisitak ikasturteetan zehar burutu ahal izan ditugu. Aurten, ordea, Antartikara joan ahal izateko, hego-hemisferioko uda aprobetxatu behar izan dugu, eta, horregatik, ikasturte honetan, belaontzia etxera heldu arte ezin izan ditugu Getxoko bisitak antolatu. Belaontziak eta ontzilariek 5 hilabete daramatzate kanpoan baina, hala ere, espedizioaren lehenengo hilabeteetan parte hartu zuen ontzilari bat urtarrilean hasi zen eskoletara bisitak egiten.

Ontzilariaren bisita honetan, eskola umeek Argentina eta Antartikako espedizioan gertatuko abenturak eta zirrikituak bere eskutik ezagutu ahal izango dituzte. Bisita horietan, umeek Groenlandia- Ternua 2011 espedizioko doku-txikia ikusi ahal izango dute. Ontzilariaren bisita horren ostean, Pakea Bizkaiak Getxon duen egoitzara etortzea eskaintzen zaie, hori bai, Aste Santuaren ostean, belaontzia eta ontzilariak lurrera heldu bezain laster. Getxorako bisita honetan eskola umeek Argentina- Antartida 2012-2013 espedizioko doku-txikia ikusi ahal izango dute.

Ikasturte honen 3. hiruhilekoan, ikastetxeak Pakea Bizkaiara etortzeaz gain, ontzilariok eskoletarako bisitak ere egiten jarraituko dugu, bi moduok uztartuz.

Atrás