Euskaldunen Irla

2011ko July 28PAKEA BIZKAIA Trois-Pistoles herrira ailegatu da, han, marea behera doanean dagoen ur eskasa dela eta, ezin izan ziren porturatu eta belaontzia ainguratu behar izan zuten metro batzuetara.

Goizean zehar ontzilari batzuk Ille aux Basques edo Euskaldunen Irla bisitatu zuten, bertan euskaldunek duela 5 mende balearen zaina lortzeko erabiltzen zituzten labeak ikusi ahal izan zituzten. Gaur egun, irla babestuta dago, ez bakarrik gordetzen duen ondare historikoagatik, baita ere bertan dagoen ondare naturalagatik, itsas txori eta bertoko landare ezberdinak dituen irla baita.

Quebeceko lehenengo euskaldunen asentamendua irlakoa izan zen, bertara XVI. mendearen bukaeran heldu zirelarik. Lur hauetara heldu zirenean, amerindiarrak bazeuden han ezarrita, K.A. 1000.urtetik aurrera irla honetara etortzen baitziren fruituak batzera eta itsas txakurrak arrantzatzera. Azkenengo urteetan egindako ikerketa arkeologikoetan, amerindiarren eta euskaldunen erreminta eta erabilgarriak topatu ziren. Ikerketa hauei esker, badakigu euskaldunak irlan egon ziren bitartean, elkarbizitzan egon zirela. Aipatzekoa da ere, euskaldunak 1580. urtean heldu zirela bertara eta Quebec hiria Champlainek sortu zuela 1608. urtean.

Gaur egun, euskaldunek erabilitako harrizko labeak oso ondo kontserbatuta daude, hauen gainean kobrezko lapiko handi batzuk jartzen zituzten eta bertan balearen koipea sartzen zuten zaina lortzeko. Horretarako, txalupatik arrastaka eramaten zuten balea hondartzaraino eta han zatitu ostean, labeetan sartzen zuten. Gero, zaina lortu ostean, kupeletan sartzen zuten.

Arratsaldean, eskifaiak Trois-Pistoles herria bisitatu zuten, han “Euskaldunen Amerikako abentura Parkea” dago, zentro kultural eta sozial antzerako bat, non Kanada osoko frontoi bakarra dago; gainera euskal baleontzi eta arrantzaleen interpretazio zentro bat dago bertan.

Aste honetan palazko txapelketa bat ospatzen ari da han bertan eta emakume eta gizonen partida batzuk ikusi ahal zituzten.