Topaketa Atlantikoan

2013ko March 4Pakea Bizkaiak afari bat eskaini dio Atlantikoaren erdian Gaspar nabigatzaile eta lagunari. Ozeanoaren barealdi handiek ez atzera ez aurrera utzi dute eta ia elikagairik gabe zegoen.

Atzo, igandean, 22:30ean, Pakea Bizkaiak Gaspar nabigatzaile malagarrarekin topo egin zuen Atlantikoaren erdian. Gasparrek hamar urte baino gehiago daramatza, “Octobass” belaontziaren barruan, mundu osoan nabigatzen, eta Asian, Pazifikoan, Brasilen eta Pazko Uhartean, besteak beste, izan da urteotan.

Bere azkeneko zeharkaldiari duela bost aste ekin zion. Hegoafrikatik Brasilerantz abiatu zen, baina barealdi oso handiak izan ditu eta ia hiru aste ez atzera ez aurrera egon da ozeanoan. Horrek, noski, bere nabigazioa gehiegi luzatu du.

Gasparren eta Unai Basurkoren eta Pakearen arteko laguntasuna duela sei urte hasi zen eta, orduz geroztik, harremanetan egon dira uhin laburraren bitartez. Horri esker, Atlantikoaren erdian topo egin dute norberak zuen norabidea ia aldatu gabe.

Kasualitate hori dela eta, Gasparrek Pakearen barruan eskaini zioten afaria dastatu zuen eta tripulazioak nabigatzaile horren bizipenekin gozatu ahal izan zuen. Gasparrek munduko itsasoak ondo ezagutzen ditu, baita horien biodibertsitatea ere.

Azkenik, “Octobass” ontzira itzuli aurretik, Pakeako tripulazioak elikagaiak oparitu zizkion Gasparri bere dieta aberastu ahal izan zezan. Azkenengo egunotan fideoak eta arrain apur bat besterik ez zituen jan.

Gauerdian, bi belaontziek haien bideak jarraitu zituzten. Gasparrek Brasilerako bidea hartu zuen eta Pakea Bizkaiak Ekuatorera eramango duten haize egokien bila jarraitu zuen.

Atrás