PAKEA BIZKAIA 2010-2014 gizarte hezkuntza proiektuak arrakasta handiz amaitu du

2014ko February 18- 40.000 pertsonatik gora PAKEA BIZKAIArekin izan dute harreman zuzena lau urte hauetan zehar hezkuntza-bisita, hitzaldien, ate-irekien egunen eta egindako hamaika ekintzen bitartez. Helburu nagusitzat ingurumen-kontzientziazioa izan du proiektuak. - Laster Unai Basurko nabigatzaile profesionala burutzat duen proiektuaren azken dokumentala estreinatuko da. Horretan, Antartikara iritsitako lehenengo belaontzi euskaldunaren ontzilariek azken espedizioan zehar izandako bizipenak jasotzen dira. - PAKEA BIZKAIA 2010-2014 gizarte-hezkuntza proiektuaren ibilbidea amaitu egin da, izan ere, babesle eta laguntzaileekin hitzartutako lau urteak bete dira. Bukaera hilabete batzuk aurreratu behar izan da, aurrekontu-murrizketak direla eta.

Ozeanoen eta bioaniztasunaren errespetu eta zaintzaren garrantziaz hiritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Hori izan da 2010.urteko maiatzaz geroztik Unai Basurko nabigatzaile profesionala burutzat izan duen proiektuaren oinarrizko helburua. 40.000 pertsonatik gora izan dira PAKEA BIZKAIA proiektuarekin harreman zuzenean, lau urte hauetan antolatutako hezkuntza-bisita, hitzaldi, ate-ireki egunen eta egindako hamaika ekintzen bitartez.

Gure lurraldean eta haratago aintzatetsia izan den proiektua da. Belako Terras Gauda Sari Nazionalean 2012.Urteko Proiektua izan zen izendatua. Estatu mailako bigarren saria izan zen hori, Unai Basurkok 2006.urtean ozeano-patroirik onenaren saria irabazi baitzuen.

Pasa den abenduaren 18an ONCEk kupoiaren iruditzat izan zuen proiektua. Orain, etapa honetako hirugarren dokumentalaren “PAKEA BIZKAIA. Antartikara Espedizioa” estreinaldia falta da. Laster izango da hori eta horretan Antartikara iritsitako lehenengo belaontzi euskaldunaren ontzilariek azken espedizioan zehar izandako bizipenak jasotzen dira.

“Proiektuaren balorazioa oso pozgarria da. Alde batetik, horrela adierazi digute beren ebaluazioetan PAKEA proiektua ezagutu eta landu duten 100 zentro baino gehiagok. Bestetik, barnetik, gure lasaitasuna eta 40.000 itsas-miliatik gora (munduari buelta eta erdi) nabigatu izanagatik eta beti portura iristeagatik sentitzen dugun harrotasuna. Azkenik, sariez gain, gizarteko zati handi batengatik jasotako aintzatespena eta gurekin ezagutzaren abentura partekatu duten milaka haurren irribarreak”, dio Basurkok.

PAKEA BIZKAIA 2010-2014 gizarte-hezkuntza proiektuaren ibilbidea amaitu egin da, izan ere, babesle eta laguntzaileekin hitzartutako lau urteak bete dira. Bukaera hilabete batzuk aurreratu behar izan da, aurrekontu-murrizketak direla eta.

PAKEA taldeak, 2003 eta 2010 bitartean PAKEA lehiaketa proiektua jarri zuen abian. Etapa horretan Basurkok Velux 5 Oceans estropada gogorrean hirugarren postua lortu zuen eta Vendée Globen parte hartu zuen, beste hainbat ozeano-estropada gogor eta zorrotzen artean. Goi-lehiaketa etapa horri PAKEA BIZKAIA 2010-2014 gizarte-hezkuntza proiektuak jarraitu zion. Orain, Basurkoren taldea proiektu berri bat garatzen ari da, gizarte-hezkuntza proiektuak gizartean izandako harrera bikainari jarraipena emateko helburuarekin, hala nola hezitzaile eta elkarteen erantzun baikorrari.

Nabigatzaile profesionalak baikortasunez egiten dio so etorkizunari eta lortutako emaitza onak direnez, hezkuntza alorrean egindako lanarekin aurrera egin nahi du.

PAKEA BIZKAIA gizarte-hezkuntza proiektua

Proiektuaren ardatza izan da hezkuntza, gazteenen ingurumen kontzientziazioa mugarritzat izanik. Urtero, egindako espedizioen ondoren, milaka ikasle joan dira PAKEA BIZKAIAren egoitzara. Bertan, hezitzaile eta tripulatzaileek zegokion espedizioaren bideo didaktikoa proiektatu dute eta ikasleekin partekatu, itsas-bioaniztasun eta ozeanoen zaintzaren inguruko gaiak landuz. Belaontzia ezagutu dute ere, nabigazioaren batez bestekoak, ontziko elkarbizitza eta kirol horren praktikak elkarlotuak dituen balioak (elkartasuna, taldeko lana…) Getxoko Kirol Portuan zegoen ontzia bisitatuz.

Lehen, Bigarren eta helduen Hezkuntzako zentroez gain, Lantegi Batuak (irabazi asmorik gabeko entitate bat, urritasunen bat duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzea eta lortzea xede duena) eta Goiztiri (gizarte baztertze arriskua duten pertsonen bizitza kalitatea hobetzea helburutzat duen plataforma) bezalako elkarteetako erabiltzaileek hartu dute parte, hala nola, udalekuetako haurrek, etab.

100 zentroetatik gorako 20.000 ikasle eta elkarteetako kidek ezagutu dute PAKEA BIZKAIA gizarte-hezkuntza proiektua Getxoko egoitzara egindako bisiten bidez, edota tripulatzaileak zentroetara joan direlako bisita egitea. Zentro gehienak Bizkaikoak izan dira, baina Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Galiziakoak ere izan dira bisita egin edota jaso dutenak.

Ikaskuntza esanguratsua sustatzeko hezkuntza bisiten aurretik eta ondoren, material didaktikoa prestatu da Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat. Espedizioekin erlazioa zituzten gaiak sakontzeko ziren baliagarri, adibidez, itsas-bioaniztasunaren ezagutza, meteorologia, itsas-kontaminazioaren zergatiak, bela nabigazioa, etab. Unitate didaktikoak webgunean eskuragarri izan dira hezkuntza zentro eta familientzat.

2010.urteaz geroztik, zenbait kontzientziazio egun burutu dira, erreminta bezala Getxoko Ereagako hondatzaren garbiketa erabiliz. Garbiketa horietan zentro ezberdinetako ikasleek hartu dute parte, hala nola ozeanoen zaintza eta itsas-jarduerekin erlazioa duten beste hainbat elkartek. Lehenengo bi urteetako edizioek mundu-mailako egun horretako ospakizunarekin bat egin zuten eta elkarte eta erakundeekin batera antolatu zen. Hirugarren urtean berriz, belaontzia espedizioan zegoenez, ekimenak Ingurumenaren Mundu Mailako egunarekin egin zuen bat. Guztira, ikasle eta hiritarren artean 600 pertsonek parte hartu dute.

Espedizioak

Espedizioak funtsezkoak izan dira jarduera hezitzailea eta dibulgaziozkoa gauzatzeko. 2010.urtean espedizioak Ipar Lurmuturra izan zuen helburu geografikotzat. 2011.urtean Groenlandia-Ternua eta 2012-2013an Antarktiar Penintsula. “Kanpoan izan dugu harrera beti izan da eredugarria. Non bizi garen eman dugu ezagutzera eta baita PAKEA proiektuak defendatzen dituen balioak. Balio horiek ez dute mugarik eta guztiek izango lukete gustuko indartzea”, azpimarratzen du Basurkok. Espedizioetan gero ikasleei eta hiritarrei zabaldu zaien materiala bildu da.

PAKEA BIZKAIAk 13 lurralde bisitatu ditu. Horietan proiektua eta bere lana eman du ezagutzera hitzaldi, ate irekien egunen, elkarrizketa eta bileren bidez. Aldi berean, PAKEA BIZKAIAk Bizkaiaren sustapenean lan garrantzitsua egin du porturatu den lekuetan. Proiektuak hiri ezberdinen arteko erlazio-historikoak berreskuratu eta indartu nahi izan ditu itsasoz. Ondorengo herriekin egin dute hori: Stavanger (Norvegia) eta Bilbo; Placentia (Kanada) eta Plentzia (Bizkaia); Montevideo (Uruguai) eta Durango (Bizkaia).

Espedizioak urteak aurrera joan ahala aberastu dira. Horren adibide da, azken espedizioan, Antartikara egindakoan alegia, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) sinatutako hitzarmenari esker Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskolako hainbat ikaslek hartu zutela parte. Gazteek eskarmentua zuten nabigatzaileekin partekatu zuten bidaia, argazkilariekin eta biologoekin. Guztira, 20 izan ziren ontzilariak, 8-9 pertsona-taldetan banatuta espedizioaren hiru etapatan. 80 pertsonatik gora parte hartu zuten hautaketa prozesuan.

Espedizioak PAKEA BIZKAIAko webgunean jarraitu ahal izan dira, trackingaren bidez eta baita tripulatzaileek idazten zituzten blogen eta bideo eta albisteen bidez ere.

Dokumentalak

PAKEA BIZKAIAk hiru dokumental egin ditu eta horien 10.000 kopia banatu. “PAKEA BIZKAIA. Lehiaketatik Hezkuntzara” Ipar Lurmuturrera egindako espedizioaren berri ematen du, hala nola Unai Basurkok parte hartu duen estropada zorrotzenetako irudi ikusgarriak jaso, Velux 5 Oceans eta Vendée Globe. Bigarren dokumentala, “PAKEA BIZKAIA. Groenlandia-Ternua espedizioa” Zinebiren 54. edizioan estreinatu zen. XVI.mendetik gure arbasoak Ternuako kostetaraino nabigatzen zuten bakailaoa arrantzatzera eta baleen ehizara. Basurkok PAKEA BIZKAI belaontzian gure historiako kapitulu hori gerturatzen digu. Azkenekoan, “PAKEA BIZKAIA. Espedizioa Antartikara” ontzilariek espedizioan zehar izandako esperientziak, bizipenak eta sentimenduak kontatzen dizkigute. Dokumentala laster estreinatuko da eta ETBn ematea aurreikusten da.

Beste ekintzak

PAKEA BIZKAIAren dibulgazio eta zabaltze lana garrantzitsua izan da, izan ere, esfortzu handia egin da proiektuaren mezu entseina gizarteak jasotzeko.

Horregatik, ontzilariek eta batik bat, Unai Basurkok, 53 hitzaldi egin dituzte (25 espedizioetan zehar eta 28 espedizioetatik kanpo). Horietara 2.700 pertsona joan dira.

PAKEA BIZKAIAk ate-ireki egunen 44 ekitaldi antolatu ditu (21 espedizioetan eta 23 kanpo) eta horietara 5.500 pertsona joan dira. Belaontzira gerturatu diren pertsonei harrera egin, ontzia erakutsi eta egindako galderak erantzun eta bizipenak partekatu dituzte.

Bestalde, BBK eta beste babesle batzuen bezeroekin nabigazio-irteerak egin dira. Tripulazioarekin bat egin dute, horiekin elkarren ondoan lan eginez. 1.600 albistetik gora argitaratu dira eta babesleen itzulkina 3 eurokoa izan da inbertitutako euro bakoitzeko, Bizkaia markarentzat izan ezik, horientzako 7 eurokoa izan baita.

PAKEA BIZKAIA gizartearengandik gertu egon nahi izan duen proiektua da eta horregatik Unai Basurkok ez du zalantzarik izan elkartasunaren aldeko ekitaldiekin bat egiteko. “Lo Que De Verdad Importa” kongresuaren ohorezko lehendakaria da; proiektua ospitaleetara mugitu zen, ospitaleratutako haurrek proiektuarekin ondo pasatzeko; Rafa Alkorta eta Joseba Etxeberriaren lagunen arteko ongintzazko partiduan parte hartu zuen, etab.

Azkenik, PAKEA BIZKAIAko zuzendariak eskerrak eman nahi ditu. “Tripulatzaile guztiei, jarraitzaile leialei, portu bakoitzean harrera egin eta agurtu gaituzten guztiei, babesle eta laguntzaileei, PAKEA BIZKAIA ezagutu eta egunero ilusioz bete gaituzten milaka haurrei, irakasleei, komunikabideei… Laburbilduz, PAKEA BIZKAIA proiektuaren lau urte hauek posible egin dituzten guztiei gure esker ona azaldu nahi diegu”, dio.

PAKEA BIZKAIA 2010-2014 gizarte-hezkuntza proiektuaren etapa amaitzen da. PAKEA proiektua indarberritu eta espiritu berritzailez bere gizarte-hezkuntza jarduerarekin jarraitzea du mugarritzat, bela eta itsasoa milaka etxeetara gerturatuz Unai Basurko eta bere taldearen erronken bidez.

Atrás