Ongietorri beroa jaso du Pakea Bizkaiak Getxon, etxera bueltan, sei hilabetez nabigatu ondoren

2013ko April 7Espedizioaren azken etapako tripulatzaileak, Unai Basurko kapitainaren gidaritzapean, Getxoko Kirol Portura iritsi dira igande eguerdian. Eguraldia lagun, senideak, lagunak eta aurreko etapetako tripulatzaileak portura gerturatu dira Pakea Bizkaiari harrera beroa egitera. Lehorreratu berri diren tripulatzaileek sei aste baino gehiago eman dute Ozeano Atlantikoa zeharkatzen. Pakea Bizkaia behin lehorrean, Unai Basurko kapitaina “pozik, gustura eta emozioz beteta” agertu zen. Basurkoren hitzetan, espedizioa “erabateko arrakasta” izan da, eta tripulazioko kideei buruz “nabigazio osoan erakutsi duten profesionalitatea eta elkarren arteko giro ona” nabarmendu zuen. Ongietorri honekin amaitzen da Antartikako espedizioa. Pakea Bizkaia gizarte-hezkuntza proiektuaren hirugarren espedizio horrek sei hilabetetik gora iraun du.

Pakea Bizkaia Getxoko Kirol Portura (Bizkaia) iritsi da gaur, igande eguerdian, 14.000 itsas-milia -22.531 kilometro- nabigatu ostean. Espedizioak sei hilabete iraun du. Antartidarako espedizioaren hirugarren eta azken etapako tripulatzaileek ehunka pertsonaren harrera beroa jaso dute. Asteburuko lehen eguzki printzak lagun, portura gerturatu dira hainbat lagun Pakea Bizkaiaren etorrera ikustera.

Tripulazioari eta Pakea Bizkaiari beren babesa adierazi asmoz, gizarte-hezkuntza proiektu horren enpresa eta erakunde babesle eta laguntzaileetako zenbait ordezkari ere hurbildu dira Getxora.

Argazkian, Maitane Leizaola, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gazteria eta Kirolen zuzendaria, Jon Redondo, Eusko Jaurlaritzako Kirolen zuzendaria eta Gabino Martínez de Arenaza, Bizkaiko Foru Aldundiaren Turismoko diputatua, Iker Basurko, Pakea Bizkaiaren Garapen zuzendariarekin eta tripulazioarekin bat.

Getxoko Kirol Portuko kortesia-pantalanera amarratu ostean, tripulatzaileak eta Unai Basurko patroia belaontzitik jaitsi dira nabigatzaileak etortzeko irrikan zeuden senideak eta lagunak agurtzera.

Lehorrean, Unai Basurko belaontziaren patroia “pozik, gustura eta emozioz beteta” agertu da. Halaber, espedizioa “erabateko arrakasta” izan dela nabarmendu du. “Arrakasta izan da nabigazioaren ikuspegitik, gizataldearen ikuspuntutik eta euskal komunitateekin izandako harremanen ikuspuntik”, adierazi du. Espedizioan parte hartu duten tripulatzailei buruz, “interes komunaren eta indibidualtasunen arteko konbinazio bikaina” izan dela erantsi du.

Ondoren, tripulazioak Portugaleteko Ikusgarri dantza-taldeko hogei bat dantzariren omenaldi hunkigarria jaso du. Izan ere, Portugalete Unai Basurko belaontziaren kapitaina eta “Pakea Bizkaia: Etorkizuneko itsasoa” proiektuaren zuzendariaren jaioterria da. Dantzari gazteenek Kaxkarot martxa –Lapurdiko eta Nafarroa Behereko dantza- eskaini diete tripulazioko kideei. Helduenek, ostera, Zuberoako Maskarada antzezpenaren atal bat, Kontrapasa dantza, aukeratu dute omenaldia egiteko.

Dantzaldiaren ostean, tripulatzaileak eta ongietorria ematera etorritako asko kirol portuan gelditu dira nabigatzaileak agurtu eta beraiekin argazkiak ateratzeko. Nabigatzaileak oso gustura azaldu dira bizitako esperientziarekin eta, aldi berean, senide eta lagunekin berriro egoteko gogotsu zeudelako.

Montevideo (Uruguai) atzean utzi zutenetik, joan zen otsailaren 21ean, tripulazioko zazpi kideek Ozeano Atlantikoa zeharkatu dute seis astez. Itsasaldi honetan geldialdi bakarra egin dute, hilaren 2an, asteartean, A Coruñako Sada portuan, meteorologia egoera kaskarra zela eta. Galizian hiru egun lehorrean egon eta gero, ostiralean abiatu ziren Getxorantz. Etxerako bidaia gaur amaitu dute.

Pakea Bizkaiak ozeanoaren zeharbide luze horri aurre egiteko 300 litro-ur edangarri zeramatzan eta beste zereginetarako 1.200 litro. Unai Basurko kapitainarekin batera, Pakea Bizkaiatik ondorengo tripulatzaileak jaitsi dira: UPV-EHUko Nautika eta Itsas Garraioko ikasle diren Ekaitz Rivas (Bizkaia), Iker Arriaga (Bizkaia) eta Aritz Ortega (Araba), ingeniari teknikoa den Borja Villagrán (Gipuzkoa), Itsas Nabigazioan diplomatua den Laura Terceño (Bizkaia) eta Valentín Basañez argazkilaria (Araba).

Gaurko ongietorriarekin amaitu dute Unai Basurko nabigatzaile profesionalak zuzentzen duen gizarte-hezkuntza proiektuaren hirugarren espedizioa. Oraingoan belaontzia Antarktiar Penintsularaino iritsi da eta bidean hainbat geldialdi egin dituzte Kanariar Uharteetako, Cabo Verdeko, Argentinako, Txileko eta Uruguaiko kostaldeetan. Espedizioak hiru etapa izan ditu, eta horietako bakoitzean tripulazio aldaketa bat izan da: Bilbo-Bahia Blanca, Bahia Blanca-Antarktiar Penintsula-Ushuaia, Ushuaia-Getxo. Sei hilabete baino gehiago eman du Pakea Bizkaiak itsasoarenganako maitasunezko eta errespetuzko mezua zabaltzen. Horrez gain, herritarrak itsasoaren inguruan sentsibilizatzea helburutzat duten heziketa proiektuarentzat eta espedizioaren dokumentalarentzat beharrezko materiala bildu dute.

Kepa Acero eta Antarktikako olatua
Espedizioa Bilboko Itsasadarra Itsas Museotik abiatu zen urriaren 7an Antartikarako bidean. Guztira, 20 pertsona izan dira Pakea Bizkaia ontzian espedizioaren hiru etapetan, horien artean, Kepa Acero free surflaria. Ez zuen aurkitu bilatzen zuen antarktiar olatua, baina Pakea Bizkaia ontzian bizitako esperientziarekin oso pozik zegoen, izan ere, besteak beste, ur hotzean (2-3 gradu zero azpitik) bainatu zen, neoprenozko bi jantzi soinean zituela, pinguinoekin batera. Momentu hori bideoan dago grabatuta. “Ez da zorterik izan, baina esperientzia ahaztezina izan da. Poz-pozik nago”, zioen Acerok.
Espedizioan zehar, belaontziak Kanariar Uharteetan, Cabo Verden, Argentinan, Txilen, Uruguain eta kontinente izoztuan bota du aingura. Azken horretan hegoaldeko 65 graduko latituderaino iritsi ziren, espedizioaren helburu geografikoa, hain zuzen ere.

Nabigazioan zehar, Pakea Bizkaiak egoera gogorrei aurre egin die, barealdi ekuatorialei edota Hornos Lurmuturreko olatuei nahiz Antartikako icebergei, adibidez. Elkartasunak ere lekua izan du zeharbidean, horren adibide Cheminées Poujoulat belaontziko Bernard Stammen laguntza-deiari jaramon egin ziotenean. Stamm nabigatzaile suitzarra Vendée Globe lehiaketan parte hartzen ari zenean – munduari bira geldialdirik eta laguntzarik gabe- identifikatu gabeko ur gaineko objektu baten kontra talka egin zuen eta energiarik gabe gelditzeko arriskuan zegoen. Erregai horniketa operazioa Hornos Lurmutur mitikotik gertu izan zuen leku urtarrilaren 9an.

Momentu horietan guztietan, haizeen kontra munduari bira emateko Challenge 76 Class belaontziak maila eman du. Horrela egin zuen ere gizarte-hezkuntza proiektuaren aurreko bi espediziotan Ipar Lurmuturra 2011n eta Groenlandia-Ternua 2012an.

Pakea Bizkaiak itsasoarenganako maitasuna eta errespetuzko mezua zabaldu du izan diren portuetan hitzaldiak eta ontzian ate-irekien egunak antolatuz. Gainera, hirugarren espedizioaren dokumentala egiteko beharrezko materiala jaso du, baita gazteei bereziki zuzendutako hezkuntza-materiala ere.

Euskal diasporak ere garrantzi handia izan du espedizio honetan, tripulazioak harreman estua izan baitu Buenos Aires, Necochea, Bahia Blanca, Puerto Madryn –Argentinan- eta Montevideoko –Uruguai- euskal etxeekin. Ozeanoz bestaldeko harremanak ere estutu dira. Izan ere, Uruguain, Bruno Mauricio de Zabala durangarra Montevideoko fundatzailea dela eta, tripulatzaileek Durangoko Udalaren oroigarri bat eman zioten Ana Olivera intendentari. Horren helburua zen bi herrien arteko harremanak estutzea.

Azken finean, espedizioa oso emankorra izan da gizarte hezkuntza-proiektua gauzatzeko bioaniztasunarekin lotutako material asko bildu baita eta proiektuaren bestelako helburuak gauzatu direlako.

Atrás