Pakea Bizkaiak Montevideo hiriko omenaldia jaso du

2013ko February 20Uruguaiko hiriburuko Intendentziak Pakea Bizkaiako tripulazioari harrera egin zion joan den astelehenean, hilak 18an. Pakea Bizkaiak Montevideon egin du azken geldialdia, Durangoko Udalaren oroigarria hiriburuko agintariei emateko asmoz.

Joan den astelehenean, Ana Olivera Montevideoko intendenteak harrera egin zion Pakea Bizkaiako tripulazioari hiriburu horretako gobernuko egoitzan. Belaontziak Montevideon egin du azken geldialdia Atlantiko ozeanoa zeharkatu aurretik. Zeharkaldi horrek lau bat aste iraungo du eta, beraz, martxoaren amaieran Euskal Herrira iristea espero dute.

Unai Basurko Pakea Bizkaiako kapitainak Durangoko Udalaren oroigarria eman zion Oliverari. Izan ere, Montevideoko fundatzaile Bruno Mauricio de Zabala Bizkaiko udalerri horretan jaio zen. Intendenteak, bestalde, beste oroigarri bat eman zion Basurkori. Ekitaldi horrekin, Montevideoren eta Durangoren arteko harremanak estutu nahi izan dute.

Ekitaldian udalerriko zein Haize Hegoa eta Euskaro Montevideoko euskal etxeetako ordezkariak izan ziren. Unai Basurkok Intendentziari eskertu zion eskainitako harrera beroa. “Hiria itsasoari zabalik dagoela eta bere kaleetan askatasuna arnasten dela antzemateko aukera izan dugu. Eskerrak ematen dizkizuet gure mezua eta pakearekiko konpromisoa hartzeagatik, ingurumenarekiko errespetuzko mezua eta gure gizarte-hezkuntza proiektua zabaltzen laguntzeagatik, proiektu horri esker munduko herrialde eta kulturetatik ikasten duguna milaka euskal ume eta heldurengan helarazten dugulako”, adierazi zuen Basurkok.

Ekitaldi instituzionalaren ostean, Pakea Bizkaiako kapitainak proiektuaren eta espedizioen nondik norakoak azaldu zituen 50 bat entzuleren aurrean. Era berean, bidaia honetako eta aurreko espedizioetako zenbait ikusentzunezko proiekatatu ziren. Pakea Bizkaia Ipar Lurmuturrean (2010) eta Groenlandia-Terranovan (2011) izan zen aurreko espedizioetan.

Ondoren, belaontzia gertutik ezagutzeko parada izan zuten 70 lagunek, ate irekien jardunaldian. Kapitainak Montevideoko prefektuari bere kudeaketa eskertu zion. Izan ere, horri esker, “Nación” armadak beren egonaldia baimendu zuen eta beren flotari lotuak egotea izan zuten.

Eguna amaitzeko, Nafarroako zenbait dantzen erakustaldia eskaini zuen Haize Hegoa euskal etxeko Eusko Indarra dantzari taldeak.

Orduz geroztik, tripulazioa espedizioaren azken zeharkaldiari aurre egiteko prestatzen aritu da belaontzia. Lau asteko itsasaldi horretarako hornitu ostean, bihar, ostegunean, portutik irtengo dira Pakea Bizkaiako tripulazioko kideak.

Intendentziako ekitaldiaren galeria
Ate irekien galeria

Atrás