Buenos Aires atzean utzi eta Necochearantz abiatu da Pakea Bizkaia

2012ko November 26Asteazkenean iritsiko da.

Pakea Bizkaia belaontzia, Buenos Aires atzean utzi ostean, Necochearantz abiatuko da gaur arratsaldean. Euskal komunitatea oso esanguratsua da Argentinako herri horretan. Unai Basurkok gidatzen duen belaontziaren tripulazioak asteazkenean, hilak 28, iristeko asmoa du Necocheara.

Duela ia hilabete Cabo Verde utzi zutenetik, Buenos Aireskoa izan da lehorrera iritsi diren lehenengo portua. Halaber, Argentinan bizi den euskal komunitatearekin izan duten lehenengo hartu-emana ere izan da. Izan ere, joan den ostegunean, hilak 22, Unai Basurkok hitzaldia eman zuen Laurak Bat Euskal Etxean. Hara bertaratu zirenek Pakea Bizkaia Antartidara eramango duen espedizioaren nondik norakoak ezagutu ahal izan zituzten lehen eskutik. Ondoren, Basurko duela hiru urte lehiaketak alde batera utzi eta hezkuntza proiektuan nola eta zergaitik murgildu zen azaltzen duen “De la competición a la educación” (Lehiaketatik hezkuntzara) dokumentala proiektatu zen.

Hitzaldiaz gain, larunbatean, hilak 24, ate irekien ekitaldia ere egin zuen Pakea Bizkaiak. Jende andana hurbildu zen Buenos Airesko portura belaontzia bisitatzera eta espedizioa gertutik ezagutzera. Argentinako Nabigatzaileen Elkarteko kideek ere parte hartu zuten ekitaldian.

Argentinako hiriburua atzean utzita, Necocheara bidean dira orain; aurretik 300 itsas-milia dituzte. Ia 92.000 biztanle dituen udalerri hori Buenos Aires probintziako kostalde atlantikoan dago, hiriburuaren hegoaldean. Necocheak oso portu garrantzitsua dauka Quequén Grande errekaren bokalean eta Argentinako itsasoan dagoelako.

Argentinako bigarren porturatze horretan euskal diasporarekin harremanetan jarraitzeko asmoa dute. Izan ere, bertan Euzko Etxea Euskal Etxeko ordezkariek eta portuko agintariek harrera egingo diete tripulazioko kideei. Hainbat ekitaldiren artean, Necocheako ikastolakoa nabarmentzekoa da. Bertako ikasleek belaontzia eta proiektua ezagutu ahalko dute tripulazioko kideen eskutik. Bestalde, tripulazioko kideek ikastola bisitatuko dute eta Necocheako ikasleek Pakea Bizkaiari buruz egin dituzten lanak erakutsiko dizkiete.

Abenduaren 1ean, larunbatean, Bahía Blancarantz abiatuko dira, hurrengo egunean lehorreratzeko asmoz. Abenduaren 3an izango den Euskararen Egunaren ospakizunetan buru belarri ibiliko diren Unión Vasca Euskal Etxeko ordezkariek egingo diete bertan harrera. Bahía Blanca espedizioaren lehenengo etaparen amaiera da eta, tripulatzaile batzuentzat, bidaiaren amaiera. Herri horretan, hain zuzen, bost kidek agur esango diote Pakea Bizkaiari eta haien lekua beste nabigatzaile batzuk hartuko dute. Kide berriek, Unai Basurko kapitainarekin, bigarren kapitainarekin eta Pakea Bizkaiako Hezkuntza koordinatzailearekin batera, espedizioaren helmugara –Antartikara- iristeko ardura izango dute. Helmuga hori 2013ko urtarrilaren 8a lortzea espero dute.

Pakea Bizkaia Buenos Aires/ Pakea Bizkaia Buenos Aires

Atrás