Antartikako helmugara iritsi da Pakea Bizkaia

2013ko January 25• Unai Basurkok gidatzen duen belaontzia hegoaldeko 65 graduko latitudera heldu da. Hiru hilabetez 7.000 itsas-milia nabigatu ditu, joan den urriaren 7an Bilbotik abiatu zenetik.

“65 graduko latitudera iritsi gara ia-ia. Bihar, larunbatean, itzulerari ekingo diogu”, jakinarazi du Pakea Bizkaiatik Unai Basurko kapitainak. “Antartikako Penintsula gure espedizioaren helburuetako bat zen. Oso pozik gaude, baina espedizio baten alderik onena helburuen artean sortzen diren bizipenak dira. Laster etxera bidean izango gara. 7.000 itsas-milia ditugu aurretik”, erantsi du.

Pakea Bizkaiako tripulazioa hirugarren espedizioaren helmugara iritsi da: Antarktiar Penintsulara. Joan den urriaren 7an abiatu zen Bilbotik belaontzia. Hiru hilabete eta erdiotan, 7.000 itsas-milia nabigatu dituzte. Denbora tarte horretan, lehorreratu diren leku guztietan zabaldu dute Pakea Bizkaiaren hezkuntza-proiektuak bultzatzen duen ingurumenaren aldeko mezua. Halaber, Atlantikoaren zeharkaldian, bero sargoriari aurre egin diote, eta, Argentinan, bertako euskal diasporarekin harremana sendotu dute. Tenperatura altuak atzean utzi eta Antartikako latitudeetako hotz izugarrian murgildu ziren. Hotzaren eskutik, gainera, nabigazioaren baldintzak ere okertu ziren: Pakea Bizkaiak hegoaldeko itsasoetan ohikoak diren icebergak saihestu, eta euri eta haize denboraleei aurre egin die.

Era berean, elkartasuna adierazteko aukera ere izan dute. Hornos lurmuturrean, Bernard Stamm nagigatzaile suitzarra, Vendée Globe lehiaketa gogorrean parte hartzen ari zela, egoera larrian zegoen eta laguntza eskatu zion Unai Basurko lagun eta lehiakide ohiari. Pakea Bizkaiak laguntza eman zion.

Horrekin batera, tripulazioa ibilbide osoan buru belarri aritu da animaliak behatzen eta biodibertsitateari buruzko materiala biltzen. Grabazio horiekin dokumentala eta material didaktikoa osatuko dute eta Pakea Bizkaiako Hezkuntza arduradunek jasangarritasunaren eta naturaren zaintzaren aldeko mezua zabalduko dute gazteen artean. “Antartika leku paregabea da gure planetan. Itsas-biodibertsitatea ia birjina du”, ohartarazi du Unai Basurkok.

Bihar, larunbata, hilak 26, itzulerako bidea hasiko dute. “Hiru eguneko nabigazioa dugu aurretik; Drake pasaia eta Hornos lurmuturra berriro ere igaro beharko ditugu. Ushuaiara hilaren 31n edo otsailaren 1ean iristea espero dugu”, esan du Pakea Bizkaiako kapitainak.

Hiri horretan bigarren eta azken tripulazio aldaketa izango da. Sei tripulatzaile berriek, Unai Basurko eta Gonzalo Terceñorekin batera -patroia eta ordezkoa, hurrenez hurren-, etxerako itsasaldia egingo dute. Nabigazio horretan, otsailaren erdialdean, Uruguaiko hiriburu Montevideon geldituko dira.

Glaziarrak eta sumendiak batera, badia baten eta itsasoaren artean
Aste honetan, Pakea Bizkaiak 100 itsas-milia egin ditu eta zenbait irla eta kanal bisitatu ditu. Hilaren 18an Deception uhartea utzi zutenetik, Trinitate uhartea eta Gerlache eta Herrera kanalak zeharkatu dituzte Brown Argentinako basean, Antarktiar Penintsulan, aingura bota zuten arte.

“Deception irla utzi genuen eguna oso hunkigarria izan zen, tripulazioak irteerako labar estuaren igarotzea ospatu baitzuen. Neptunoren Hauspoak izena ematen zaie bertan sortzen diren haize ufada indartsuak direla eta”, azaldu du Basurkok. Atzean utzi dute planetako ekosistemarik berezienetako bat, badia eta itsasoaren artean glaziarrak eta sumendiak elkartzen dituena.

Handik Trinitate irlara eta, hortik igaro ostean, Gerlache kanalera heldu ziren. “Ur gaineko izotz puskez beteta dago, kolore eta forma guztietakoak. Nabigazioa 3 itsas-korapilora jaistea gomendatzen da, puskak saihestu ahal izateko”, jakinarazi du belaontziko patroiak. Herrera kanalean, izotz artean bota zuen aingura Pakea Bizkaiak. Bertan, 64 gradu eta 30 minutuko latitudean, tripulazioak Antartikara iritsi zirela ospatu zuen. Pakea Bizkaia ia 65 gradura iritsi arte nabigatu zuen.

Kepa Acero: “Ez dut olaturik hartu baina bainu hau ez dut inoiz ahaztuko”
Bitartean, Kepa Acerok, 2012. Urteko Abenturazalea saria jaso berri duenak -Epic TV Europako kanalak ematen du-, tripulazioko beste kideek lagunduta, antarktiar ozeanoan olatu bat hartzeko ahaleginean jarraitu du. Itsasoak, ordea, ez dio orain arte lagundu olatu nahiko altuak ez zeudelako. Hala ere, Acero uretan egon zen pinguino barbijoez inguratuta glaziarrera igotzen zen bitartean. “Ez dut olaturik hartu, baina bainu hau ez dut sekula ahaztuko. Naturarekin harreman intimoa izatearen parekoa da”, baietsi zuen Kepa Acerok urperatze hori ikus daitekeen bideoan.

“Pinguinoekin batera egotea… Hasieran ez ziren fio, baina gerturatzen joan ziren eta, azkenean, nire inguruan bueltaka hasi ziren, beraiekin batera saltoka hastea nahiko balute bezala. Jende zintzoa da. Arrantza egiten dute, icebergaren muturrean eseri eta beste ezerk ez die axola”, zioen Acerok. Abenturak, baina, aurrera darrai. Kepa Acerok eta Pakea Bizkaiak olatuaren bila jarraituko dute.

Atrás