Pakea Bizkaiaren espedizioaren bigarren etapa hasi da

2012ko December 3Bahía Blancara iritsi zen atzo.

Pakea Bizkaiaren tripulazioa atzo igandea abenduak 2, iritsi zen Bahia Blancako White Ingeniariaren portura. Bertan, “Unión Vasca” Euskal Etxeko kideez gain, tripulatzaile berriak zituzten zain. Horrela, espedizioaren bigarren etapari hasiera eman zaio. Etapa horretan Unai Basurko kapitain duen belaontzia Penintsula Antartikora iritsiko da.

Bahia Blancan belaontzitik jaitsi dira Ane Alberdi biologa, UPV-EHUko ikasle diren Danel Gomendiourrutia eta Toni Fiol, Asier Hernandez irakaslea eta Javier Diez kameralaria. Marta Duch (Katalunia) nabigatzaile profesionalak, UPV-EHUko El Saltillo ontzi-eskolako kapitain den Mikel Lejarzak (Bizkaia), Alvaro Mozosek, (Galizia) merkantzia-ontziterian aditua, eta Xabier Urrestik (Gipuzkoa), argazkilari eta Olatu ontziko patroiak, hartu dute beraien lekua. Horiez gain, nabigazioaren zati batean Calara Iachetti biologa argentinarra igoko da. Abendu amaieran, tripulatzaile berri bat izango du Pakea Bizkaiak, Kepa Acero surflari profesionala hain zuzen ere.

Bahia Blancan izango dira abenduaren 5 arte, gero Puerto Madrynera zuzentzeko. Astelehenean, abenduak 3, ate irekien eguna antolatu da 14.00etatik 16.00etara White Ingeniariaren portuan. Bisiten ondoren, bi tripulazio taldeak “Unión Vasca” Euskal Etxera abiatuko dira abenduaren 3an leku duen Euskararen Eguna ospatzeko. Abenduaren 4an, Euskal Etxean 19.30etan Unai Basurkok hitzaldia emango du. Asteazkenean Puerto Madrynerantz abiatuko dira espedizioarekin jarraituz.

Necochean geldialdia

Tripulazioak Necochea agurtu zuen Euzko Etxea Euskal Etxean antolatutako afariarekin. Horretara 300 bat pertsona joan ziren. Necochean harrera oso beroa izan du tripulazioak. Bertan, ate irekien eguna antolatzeaz gain, non 50 pertsona inguruk parte hartu zuten, Pakea Bizkaiako patroiak, Unai Basurkok hitzaldia eman zuen Euskal Etxean.

Ikastola eskolako ikasleek paper garrantzitsua bete dute bisita honetan. Belaontzia ezagutzeaz eta tripulazioarekin hitz egiteaz gain, Unai Basurko eta Pakea Bizkaiako Hezkuntza Koordinatzailea, Andrea Ruiz, zentrora joan ziren hezkuntza-bideoak proiektatzeko eta proiektua azaltzeko. Ikasleek Euskal Etxean Pakea Bizkaiaren helburuak kontutan hartuz egindako marrazkiak erakutsi zituzten, hau da, jasangarritasuna, biodibertsitatea, etab. Horrez gain, tripulazioak Vito Dumas talde nautikoarekin bazkaldu zuen ere. Argazkiak.

Atrás