Ehunka pertsonek lagundu dute Pakea Bizkaia bere irteeran

2012ko October 7Belaontzia Bilboko Itsasadarra Itsas Museotik abiatu da Antartikarantz bere hirugarren espedizioan. Jendetza-mordoa joan da Unai Basurko eta hirugarren espedizioaren lehenengo etapa egingo duten tripulatzaileak agurtzera. Horrez gain, hamar bat ontzik lagundu dute Pakea Bizkaia bere irteeran, horien artean UPV-EHUko “El Saltillo” ontzi-eskola eta Txinbito ontzia. Oraingo fasean, Bahia Bancaraino joango dira, Kanariar Uharteetan, Cabo Verden, Buenos Airesen eta Necochean geldituz.

Ehunka pertsonek lagundu dute Pakea Bizkaia bere agurrean, izan ere, gaur igandea, urriak 7, 12.30etan abiatu da Antartikarantz Bilboko Itsasadarra Itsas Museotik . Edozein “geroarte”-n bezala, musuak eta besarkadak izan dira agurraren protagonista, zeina trikitilariek girotu duten. Abiatu aurretik, datozen etapatan tripulatzaileak izango diren kideek homenaldia egin diote tripulazioari. Horrela, Aritz Ortegak agurra dantzatu du eta Xabier Urrestik txistua jo. Horrez gain, hamar bat ontzik lagundu dute Pakea Bizkaia bere irteeran, horien artean UPV-EHUko “El Saltillo” ontzi-eskola eta Txinbito ontzia. Bertan zeudenen artean, hezkuntza-proiektuan parte hartzen duten zentroetako zenbait ikasle, irakasle eta guraso egon dira, adibidez, Alkartu eta San Nikolas ikastoletakoak. Azken horretako Gurasoen Elkarteak ikastolaren 50.urteurrenaren bandera eman dio Unai Basurkori, Kepa Acerorekin batera- zeina bigarren etapan izango den eta bertako ikasle ohia den- Antartikara eramateko. Bilboko Udaleko hainbat zinegotzi ere izan dira bertan.

Hirugarren espedizioak aurretik 14.000 milia eta 6 hilabete ditu, eta Groenlandia-Ternua 2010 eta Ipar Lurmuturra 2011 zeharbideak eta gero burutuko da. Espedizioa hiru etapatan banatuta dago eta lehenengo honetan tripulatzaileak Bahia Blancaraino joango dira. Abenduaren hasieran iritsiko direla aurreikusi da. Hala ere, hori itsaso eta haizearen araberakoa izango da. Aurten berri bat dago, belaontziaren kokapenaren jarraipena benetako-denboran, momentu oro, www.pakeabizkaia.com webgunean egiteko aukera baitago, baita 3Dn ere. Zeharbidean, tripulazioak geldialdi ezberdinak egingo ditu. Lehenengoa, Kanaria Handiko Las Palmasen. Bertan, Rafael Castillo bisitatuko dute, “La Rueda de Navegantes”-en kidea. Munduko itsaso eta ozeanoetatik dabiltzan nabigatzaileei laguntza ematen dion elkartea da. Horiei meteorologi informazioa ematen diete, hala nola mediku laguntza eta jarraitu beharreko ibilbide onenak aipatu.

Bestetik, espedizioak Tenerifeko La Lagunako Unibertsitatea ere bisitatuko du. Gero, Cabo Verde, Buenos Aires eta Necochea bisitatuko dituzte. Tripulazioa herri horretako ikastolako lagunekin jarriko da harremanetan eta ikasleek proiektua ezagutuko dute. Geroxeago, Bahia Blancan, Panpa eta Patagoniako lurraldeen arteko igarobidean dagoen hirian, tripulazioa aldatuko da.

Etapa guztietan bisitatutako lekuen, ikusitako animalien eta bizitako esperientzien irudiak grabatuko dira. Horiek gero, hezkuntza zentroetako ikasleei eta hiritarrei zabalduko baitzaizkie prestatuko den hezkuntza materialaren bidez eta dokumentalarekin ere. Lehenengo espediziotik egiten da hori eta dagoeneko 9.000 dira proiektua ezagutu duten ikasleak.

Argazki gehiago.

Bideoa.