Caretta caretta

2012ko October 24Geroz eta dortoka gehiego, Pakea Bizkaia Ekuadorrera gerturatzen den heinean.

Azkenengo egunetan, Pakea Bizkaiako tripulatzaileak Ekuadorrera hurbiltzen diren heinean, geroz eta dortoka gehiago ikusten ari dira belaontziaren inguruan. Atlantikoko ur hauetan espezie ezberdinak aurki ditzakegu, adibidez, Carey, Larruzko dortoka, Berdea eta gaur ikusi duguna, Boba edo Caretta caretta. Guztiak daude bizi-iraupen egoera larrian, baina Larruzkoa eta Carey dira arrantza, salmenta edo beste giza aktibitateengatik egoera latzenean daudenak.

Caretta caretta-ren ezaugarriak:

125 cm izatera heldu daitezke, gaur ikusitakoak 50 cm zituenez, oraindik ugaltzeko gai ez dela dakigu. Luzaro bizi badaitezke ere, 15-20 urte behar dituzte heldutasun sexualera iristeko. Urteetan zehar dortokek gizakion arrantzaren eragina jasan dute egoera larri batera heldu arte. Horregatik, kontuan izan behar dugu, urte asko izan arren, kumeak izan baino lehenago ehizatu eta beren bizi-zikloa apurtzen dugula.

Helduek 80-110 kg inguru pisatzen dituzte, gaurkoak 12 kg izango zituelarik. Beste dortoka espeziengatik bereizteko, oskola behatu beharra dago, obalatua izateaz gain, alboko 5 eskudo baititu. Beste ezaugarrien artean, hegats bakoitzaren aurrealdean dituen erpeak daude.

Ur epelak eta beroak gustatzen zaizkie eta batzuetan Bizkaiko Golkora ere hurbiltzen dira; hala ere, erruteko hondartza tropikaletara joaten dira.

Esan bezala, giza aktibitateak eragin handia izan du dortoken desagerpenean. Moluskuak, krustazeoak eta marmokak jaten dituzte, eta askotan guk botatako plastikoak. Azken hauek, erratu eta irensten dituzte. Mediterraneoan gero eta marmoka gehiago agertzen ari dira azken urteotan arrazoi ezberdinengatik. Horien artean, dortoken desagerpena dago, gero eta gutxiago daudenez, gero eta marmoka gehiago agertzen dira, kate trofikoa apurtzen baita, eta guzti honen jatorrian gizakiok gaude.

Atrás