Bi hemisferioen artean

2012ko November 5Duela astebete, Pakea Bizkaiak expedizio honetako etaparik luzeenari ekin zion: Cabo Verde-Buenos Aires.

Duela astebete, Pakea Bizkaiak expedizio honetako etaparik luzeenari ekin zion: Cabo Verde-Buenos Aires.

Lehenengo eguna lasaia izan zen, baina hurrengo bietan aldaketa bortitza ekarri zuen presioaren jaitsierak -1012Mbtik 1007Mbra-. Horrek ezegonkortasuna sortu zuen: hegoaldeko haize boladak eta euri-zaparraden ondorioz leku guztietatik zetozkien olatuak.

Beroak eragiten ditu euri-zaparrada horiek eta, noizean behin, haize bolada indartsuak sortzen ditu. 40 korapiloko intentsitatea zuten haize boladak jasan zituen tripulazioak baita ikusmena asko zaildu zuten euri-zaparradak ere. Gaua ematen zuen. Eskerrak, baina, ordubete baino ez zuela iraun. Euri-zaparrada horiek arreta handia jartzen behartzen dituzte, egunez zeruertzari eta gauez radarrari.

 

Hurrengo egunak lasaiak izan dira. Pakea Bizkaia ekialdetik zetorren 12 korapiloko haize bareak lagunduta nabigatu du, eta horrek abiadura onean aurrera egiten lagundu dio. Tripulazioa ilusio handiz dago Ekuatorea noiz zeharkatuko zain. Denek nahi dute une hori bizi, tripulazioko kideen artean Unaik eta Gonzalok bakarrik bizi izan dutelako momentu garrantzitsu hori. Kideak buruari bueltaka dabiltza egunotan momentu horretan zer eskaintza egingo duen pentsatzen.

Joan den asteburutik, barealdi ekuatoriarretatik ateratzeko borrokan buru belarri ari gara. Egun berean, ekialdetik datozen haize bolada leunak eta erabateko barealdia txandakatzen doaz. Horrek eta itsasoaren egoerak motorra erabiltzen behartu ditu, baina erregaia aurrezteko asmoz, oso motel goaz, orduko 5 milia baino ez dituzte egiten.

Egunez zein gauez haize eta ur-zaparradak edukitzen dituzte, eta hori ebitatu nahian, gauez radarra konektatzen dute zaparrada horien iturburua lokalizatu eta hodei multzoei ihes egiteko. Haize boladen eta motorraren arteko tarteak gero eta laburragoak dira. Espero dute hego-ekialdeko haizeak nagusi diren zonaldean ahalik eta lasterren sartzea. Aurreikuspenen arabera, haizea norabide horretan ibiliko da datozen lau egunotan. Beraz, gaur espero dute Ekuatorea zeharkatu eta 200 graduko norabidea hartzea. Atzo, beren aurreikuspenen arabera, kontrako korronteak norabidea aldatuko zuen eta hego hemisferiora eraman.

Egunotako beroaldia leuntzen ari da hego-ekialdeko alisioen etorrerari esker. Horrek belaontziaren barrua freskatzen lagunduko du. Hemisferioen arteko lehiaren ondorioz, itsaskirria dago, baina atertzen duenean eta hego-ekialdeko haizeak datozenean itsasoak ere norabidea zuzenduko duelakoan daude.

Atrás