Andrea Ruiz, Pakea Bizkaiaren Hezkuntza Koordinatzailea: “Nabigazio etapa luzeetan askoz hobeto pasatzen dut, lurrera iristearekin baino”

2012ko November 9Andrea Ruiz 30 urteko getxotarra Pakea Bizkaiaren Hezkuntza koordinatzailea da. Ontzian, webgunea hornitzeko bidali behar den informazioa biltzeaz eta helarazteaz arduratzen da.

Zein da zure ardura nabigatzen zaudetenean?
Ontzian badaude ardura batzuk denonak direnak, horiek nabigazioarekin dute zerikusia eta zaintzekin. Leman beti dago norbait eta beste persona batek laguntzen du. Lan hori guztiona da. Gero, badaude zehatzagoak direnak, hala nola, mekanika, intendentzia, etab. Nire ardura, lurrean webgunea hornitzen ari diren lankideei helarazten diegun informazioa biltzea da. Jendeari ere beren bitakora koadernoak idazteko zirikatzen ibiltzen naiz. Grabatzen ari den pertsona laguntzen dut ere, ahal dudan guztian. Guztiona den beste lan bat animaliak ikuskatzeko adi egotea da. Latitude batzutan ez bazaude oso adi, ia ezinezkoa da animaliak ikustea eta beste batzutan ordea, orduro ikusten dituzu baleak, delfinak, marrazoak edota dortokak. Animalia bat azaltzen den bakoitzean, kamarari abisatu behar diogu eta bera lo badago, kamara hartu gu agurtzera datorren bale edo izurde-taldea grabatu.

Hiru espedizio eta gero. Zer sentitzen duzu hirigarren honetan?

Espedizio hau orain arte gehien gozatzen ari naizena da, nabigazioari eta beste kontuei dagokienez. Nabigatutako miliak eta aurretik ikasitako guztiak, belaontziarekin konfindantza gehiago sentiaraztea eragiten didate, baita ezagutzei dagokienez momentu zailekin eta neure buruarekin ere. Espedizioek aurrera egin ahala, milia kopurua ere handitu da, eta horrek egokitzapena atondua eta iraunkorra izatea eragiten dit.
Orain arte, Atlantikoaren zeharkatzea izan ezik, ihaz, gutxitan nabigatu izan nuen tenperatura beroekin eta oso gustuko dut. Gauean esnatu eta zaintzara atera kamiseta bat bakarrik jantziz zoragarria da. Bizkarrean hain gustura egotea, zerua izarrez gainezka dagoenean eta ilargi betea, inolako hotzik gabe… Berriro hotza datorrenean ohitu beharko dut! Aurten, lurrera iristen garen momentua dagoeneko ezaguna dut, eta estres mementuak hobe kudeatzen ditut.

Hala ere, oraindik ondo ez daramadan gauzetako bat, lurrean gaudenean lekuak sakonago ezagutzeko dugun denbora falta da. Jendea eta bere berezitasunekin gelditzen naiz.

Orain arte bizitako momentu bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke?
Bizitako momentu bakoitza erretinan dago gordeta, ez dago besteak baino aipagarriagoa den momentu bat, egoera bakoitza ezinhobea izan da. Ez bakarrik nabigazioagatik, baizik eta konpainia ezinhobea delako eta asko barre egiten dugulako. Gaueko nabigazioak pasada bat dira eta nola ez, animalien bisitak ahaztezinak. Hala ere, ikuskatze gehiagoren irrikaz gaude, eta Brasilgo kostara gerturatzen garen heinean, zetazeoak berriro azaltzea espero dugu.

Zer da errazena eta zailena zeharbideetan?
Nabigazio luze bat duzunean aurretik egunerokoa ezberdin planteatzen duzula frogatu dut eta nik ohikeria horrekin ondo pasatzen dut. Batzutan, lurrera iristea, nahiz eta ilusioa egiten duela pentsa, asko urduritzen nau. Lurrera iristen garenean, askotan oso denbora gutxi dugu eta gauza asko egiteke. Horrek asko estresatzen du.

Horrez gain, jendeak bere espazioa behar du eta beren bakardadea bizitzeko lekua behar dute, eta hori, lurrean bilatzen dute. Ni nabigazio etapa luzeetan askoz hobeto pasatzen dut, lurrera iristearekin baino. Nabigatzen egunak aurrera doaz, ez dakizu astelehena, asteartea edo asteazkena den, baino horretaz ere gozatzen duzu, egun berri batetaz, iluntze berri batetaz edota egunsenti berri batetaz.

Espedizioaren hiru etapatan izango zara. Zein da horietatik gehien erakartzen zaituena?
Hiru etapak dira interesgarriak, batez ere, gurekin etapak partekatuko dituzten pertsona taldeak interesagarriak direlako. Hori da espedizio osoan zehar ontzian egotea interesgarria egiten duen gauzetako bat: jende hori guztiarekin elkarbizitzeak. Etapei dagokienez, hirurak dira interesgarriak. Niretzako,agian, lehenengoa eta bigarrena, batez ere. Bigarrena noski, Patagonian egongo baikara eta Antartidarantz nabigatuko dugulako. Planetako beste leku batetan ikustea ezinezkoak diren paisaiak ikusiko ditugu. Lehenengoa ere, oso interesgarria da, izan ere, nabigazioa asko aldatzen da. Tenperatura epelekin, beroarekin eta mozten duten haizeekin, nabigazioa asko aldatzen da. Ez du zerikusirik hotzarekin nabigatzeak, Hornos Lurmuturretik Antartikara bezala, edo Atlantikoa zeharkatzeak.

Zu Pakea Bizkaiaren Hezkuntza koordinatzailea zara. Zer da proiektuak gazteenei ezagutzera eman nahi diena?
Proiektuak bi ardatz nagusi ditu, bat espedizioak dira eta bestea, proiektu hezitzailea da. Batak bestea behar du, izan ere, proiektu hezitzailea urtean behin egiten ditugun espedizioetaz hornitzen da. Proeiktuaren jarduera nagusia Getxoko portura Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek egiten dituzten bisitak dira. Beren helburu nagusia itsas-ingurumenarekiko errespetua zabaltzea da, eta hori, espedizioen grabaketen bidez egiten da, bai itsas bioaniztasunarekin eta bai itsas inguruarekin errespetuzkoak diren proiektu jasangarriekin erlazioa mantenduz.

Hori guztia belaontzi batean egiten duzue. Zein balio ematen dio horrek?
Itsasoarekiko eta bere bioaniztasunarekiko amodioa eta errespetua zabaltzeaz gain, nabigazioarekin erlazioa duten balioak ere hedatu nahi ditugu. Eskoletan haurrekin lantzen diren balio asko partekatzen ditu belan nabigatzeak. Nik uste dut, espedizioaren eta tripulatzaile berrien bidez, adiskidetasuna, elkartasuna, talde-lana, esfortzua eta horrek dakarren saria zabaldu ditzakegula.

Pakea Bizkaia/Andrea Ruiz

Atrás