54 ikaslek parte hartu dute Ereagako hondartzaren garbiketan Pakea Bizkaiarekin batera

2013ko June 14Hondakinak jasotzeaz gain, hezitzaileak ikasleekin batera, objektuen iraunkortasunari buruzko hausnarketa egin dute.

Pakea Bizkaiak Getxoko Ereaga hondartzaren garbiketa antolatu du gaur ostirala, ekainak 14, Mundu Mailako Ingurumen eta Ozeanoen egunak ospatu baitziren aurreko astean eta hauekin bat egiteko. “Gure jardueraren helburua haurrak ozeanoen zaintzaren inguruan sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da”, dio Unai Basurkok, Pakea Bizkaia gizarte hezkuntza-proiektuko zuzendariak.

Aurten Barakaldoko Alkartu ikastolako 4.mailako 50 ikasle eta Getxoko Aixerrota ikastetxeko 4 hurbildu dira Getxora, irakasle, Pakea Bizkaiako ontzilari eta hezitzaileekin batera hondartzan aurkitutako hondakinak jasotzeko eta ikasturte hau era jasangarrian amaitzeko.

Hondakinak jasotzeaz gain, hezitzaileak ikasleekin batera, gizakiek egunero erabili eta alde batera uzten dituzten objektuei buruzko hausnarketa egin dute. Bildutako materialak aztertu eta horien iraunkortasunari buruz hitz egin dute. Batik bat, plastiko poltsa hautsiak, latak, beirak eta zigarro-puntak aurkitu dituzte eta horien iraunkortasunari buruz jardun dute. Adibidez, plastiko poltsa batek 450 urte behar ditu desagertzeko; zigarro-punta batek, bat eta bi urte bitartean; lata batek, 200 eta 500 urte bitartean; ur-botila batek, 100 eta 1.000 urte bitartean; beirak 4.000, eta kartoizko kaxa batek aldiz, 3 edo 4 hilabete. Ikasleei gizakion jokabide txarrek itsasoan eta bere bioaniztasunean duten eragina azaldu zaie.

Jardueran, hondakinak jaso dituzten bitartean, hondartzan ezkutaturiko altxor bat bilatzen ibili dira eta altxorra topatu duen taldeak, Pakea Bizkaiaren opari bat jaso du. Ekitaldiari amaiera eman zaio umeek egindako kometak hegan jarriz.

Aurtengo garbiketa orain arte egindakoen hirugarrena da, urtero oso esperientzia aberasgarriak eta bereziak izan direlarik.

Argazki gehiago.

Atrás