“Beharbada egungo ikasleek aisialdi modu gehiago ezagutu eta belaren inguruan lana eta aberastasuna sor daitezke”

2013ko February 26Laura Terceño Itsas Nabigazioan diplomatua da eta Atlantikoa zeharkatzeko Pakea Bizkaiak eskaini dion aukera aprobetxatzeko prest dago. Esperientzia pertsonal zein profesional paregabea deritzo.

Laura Terceño Tribis-Arrospe getxoztarrak 29 urte dauzka eta Itsas Nabigazioan diplomatua da.

Zer azpimarratuko zenuke bigarren zeharkaldi honetaz?
Aurreko bi etapek helburu deigarriagoak izan arren, hirugarren etapa honek nabigazio ozeaniko oso interesgarria dauka, klimaren ezaugarriak oso desberdinei aurre egin beharko baitiegu.

Zein izango da zure funtzioa belaontzian?
Ur laginak jasoko ditut gero aztertzeko, eta mantentze-lanetan eta nabigazioan ere parte hartuko dut.

Zer espero duzu bidaia honetatik?
Nabigazioari buruz, oro har, asko ikastea espero dut, eta bereziki belako nabigazioari buruz. Orain arte ezagutu ez ditudan habitatak ere ezagutzeko parada izango dut, baita elkarbizitzari eta nire buruari buruzko ezagutzak areagotzea espero dut.

Zein ekarpen egingo dizu esperientzia honek?
Oso zaila da hau bezalako aukerak topatzea bai bizitza pribatuan bai profesionalean. Une gogorrak eta zailak eta une onak ere biziko ditudala badakit, baina, edonola ere, arlo guztietan hobetzen lagunduko didan esperientzia ahaztezina izango delakoan nago.

Eta zer emango diozu zuk proiektuari?
Agintzen dizkidaten eginkizun guztietan lan egiteko nire gogo guztia jarriko dut, eta belaontzi barruan giro ona egoten laguntzeko prest nago.

Zerk pizten dizu interesik handiena abentura honetan?
Ozeanoa zeharkatzeak eta ingurumenarekin lotutako helburuak lantzeak.

Inoiz nabigatu al duzu edo lehen aldia izango da?
Alde batetik, merkantzia-ontzietan hamar bat hilabete nabigatu ditut eta, belan, ostera, azken bost urteotan maiz nabigatu dut Saltillo EHUko belaontzian eta beste belaontzi batzuetan.

Elkarbizitzaren, osasun arazoen edota ekaitz bortitzen beldur al zaude?
Itsasoan baldintza txarrak sufritzeko aukerak, ekaitz handi bat edo, zirrara sortzen dit. Gainera, belaontziaren mugimenduekin ahalik eta hoberen eta azkarren ohitzea espero dut, ia seguru edukiko ditudan zorabioak amaitzeko.

Zer nabarmenduko zenuke Pakea Bizkaiaren hezkuntza proiektuari buruz?
Bi alderdi nabarmenduko nituzke: batetik, proiektu honek umeen interesa pizten laguntzen duelako ingurumenaren arazoekiko eta ingurumena errespetatzeko jarduerak bultzatzen dituelako. Bestetik, helburu horiek denak oso modu jostagarrian eta originalean egiten duelako. Irakaslegoa, nik dakidala, oso gustara dago proiektu honekin.

Halaber, Pakea Bizkaia proiektuak nabigazioaren zaletasuna pizten du gure ingurunean. Orain bisitan etortzen diren ikasleak etorkizunean aisialdi modu gehiago ezagutzen ari dira eta beharbada horrek, etorkizunean, belaren inguruan lana eta aberastasuna sor dezake.

Atrás