“Antartikara iristea ez da bidaiaren helburu bakarra”

2013ko January 17Gonzalo Terceño 39 urteko getxotarra Pakea Bizkaiako bigarren kapitaina da. Nabigatzaile profesional horrek lehiaketatik hezkuntza proiektura jauzia egin zuen Unai Basurkorekin batera eta Pakeak egin dituen hiru espedizioetan parte hartu du.

Gonzalo Terceño Pakea Bizkaia gizarte hezkuntza-proiektuaren administrazio-zuzendaria izateaz gain, belaontzia Antarktiar Penintsulara eramango duen espedizioaren bigarren kapitaina da. Zer esan nahi du horrek? “Espero dugu horrela ez izatea, baina Unairi zer edo zer gertatuko balitzaio, ni izango nintzateke ontziaren arduraduna”, azaltzen du 39 urteko getxotarrak.

Zaintzen buru da eta, nabigazioa dela eta, tripulatzaileek ontzian egin behar dituzten lanak burutzen ditu. Terceñok lehiaketatik hezkuntzara emandako saltoa bizi izan zuen Unai Basurkorekin batera eta aldaketa horrekin oso pozik dago. “Lehiaketak ikaragarrizko estresa sortzen zidan, eta ez dut gustuko ez lehiaketa ezta konpetizioa ere”, dio. Aldaketa “ona” izan dela esaten du eta orain “garrantzitsuena gazteenei ingurumen hezkuntza eta itsasoarekiko maitasuna zabaltzea dela”, adierazten du.

Terceñok orain arte izandako hiru espedizioetan parte hartu du; lehenengoan, Ipar Lurmuturrera; bigarrenean, Groenlandia-Ternuara; eta, orain burutzen ari den honetan, Antarktiar Penintsulara. “Aurten aldaketa garrantzitsua izan da. Formatu berriarekin ikasle eta jende gehiagorengana zabaldu da eta horrek askoz hobeto transmititzea ekarriko du. Jendearen motibazioa itzela da eta geurea ere”, dio bigarren kapitainak.

Nabigatzaile profesional honen ezaugarrietako bat bere umore-sena da eta hori bere blogetan agertzen du. Lehenengo aldiz iritsiko da Antartikaraino. “Nabigatzea dut gustuko eta Antartikara iristea ez da bidaiaren helburu bakarra”, agertzen du. Izan ere, espedizio honetan, batez ere, Atlantikoan zehar nabigatu dute eta Kanariar Uharteetako, Cabo Verdeko, Argentinako eta Txileko hainbat portutan izan dira. Esperientzia berri asko bizi izan dituzte eta Pakea Bizkaia gizarte hezkuntza-proiekturako informazioa bildu ere bai.

Atrás