“Nabigatzaile ororen ametsa da Atlantikoa zeharkatzea; lehen aldia izango da hau, baina ez azkena”

2013ko March 18Borja Villagránek, 24 urteko oriotarrak, Itsas Ingeniaritza Teknikoa ikasi du eta Itsasontzi Makinetan diplomatua da.

Zer azpimarratuko zenuke bigarren zeharkaldi honetaz?
Espedizio osoa esperientzia itzelezkoa da, baina zerbait nabarmentzekotan, Atlantikoaren zeharkaldia nabarmenduko nuke, konplexua eta arriskutsua delako. Ozeanoa mendebaldetik ekialdera zeharkatzea beti ere konplexuagoa da, haizearen norabidea eta olatuak direla medio.

Zein izango da zure funtzioa belaontzian?
Itsasontzia ondo nabigatzen laguntzeaz gain, sukaldeko lanetan eta makineriaren mantentze-lanetan ere parte hartuko dut. Tripulatzaile bakoitzaren ezagutza elkar trukatzea espero dut, horrela denok aberastuko garelako eta denak hobeto funtzionatuko du.

Zer espero duzu bidaia honetatik? Zein ekarpen egingo dizu eta zer emango diozu zuk proiektuari?
Etapa hau abentura handia izango da eta gogotsu nago. Unai Basurko bezalako nabigatzaile handiarekin eta bere taldearekin Atlantikoa zeharkatzea izugarria iruditzen zait. Nabigazio ozeanikoaz gehiago ikasi nahiko nuke ere. Nire aldetik, nabigazioan zein elkarbizitzan nire ekarpena egingo dut dena ahalik eta hoberen ateratzeko.

Zerk pizten dizu interesik handiena abentura honetan?

Hain interesgarria da dena, zaila dela zerbait nabarmentzea. Esperientzia hau ikasgai handia dela eta asko ikasiko dugula uste dut. Bi hilabeteko elkarbizitza hain leku txikian, beste zazpi pertsonekin, ezerosotasunekin, nekearekin, hotzarekin… Bestalde, nabigazioari buruzko nire ezagutza handitu nahi dut, eta beste kultura, jende eta leku ezagutzeko aukera ere aprobetxatu nahi dut. Itsasoko animaliak ikusteak ere ilusio handia egiten dit.

Inoiz nabigatu al duzu edo lehen aldia da hau?
Hamar urte nituela hasi nintzen nabigatzen, bela arinean zein itsas-bidaian. Bi modalitateetako estropadetan parte hartu izan dut, baina inoiz ez dut ozeanoan zeharreko batean parte hartu. Lehena izango da baina ez azkena. Edozein nabigatzaileren ametsa da hori eta bizitzeko irrikan nago.

Elkarbizitzaren, osasun arazoen edota ekaitz bortitzen beldur al zaude?
Ez naiz beldur. Haizea eta itsasoan baldintza kaskarrekin topo egingo dugula badakit, edota itsasontzian zerbait apur daitekeela, baina nabigazioaren atal bat da eta zailtasun horiei aurre egiten asmatuko dugu. Kapitainarengan eta itsasontzian erabateko konfiantza daukat, gainera.

Zer nabarmenduko zenuke Pakea Bizkaiaren hezkuntza proiektuari buruz?
Hezkuntza proiektu osoa da nabarmentzekoa eta miresgarria. Gizarteari eta, batez ere, umeei ingurumenaren zaintzaren eta jasangarritasunaren baloreak irakastea oso garrantzitsua da. Nire ustean, horrelako ekimen gehiago bultzatu beharko lirateke.

Atrás