Kepa Acero bozkatu,hiru egun besterik ez dira gelditzen lehiaketa amaitzeko!

2013ko January 21Kepa Acero lehenengo postuan dago 13.176 botorekin, bigarrenean Gary Connery 7.675ekin.

“Adventurer of the Year 2012” (2012. Urteko Abenturazalea”) lehiaketa amaitzeko hiru egun (urtarrilaren 24a da azken eguna) besterik ez dira gelditzen. Kepa Acero freesurferra Epic TVk ematen duen saria irabazteko hautagaia da. Epic TV Europako telebista kanala abenturan eta kiroletan berezitua da, hala nola, snowboard, eskalada, surf eta mendiko txirrindularitza.

Acero lehenengo postuan dago 13.176 botorekin, bigarrenean Gary Connery 7.675ekin eta hirugarrenean Kyle Demster 4.206rekin. Conneryk 730 metrotik lehenengo saltoa eman du erorketa librean paraxut gabe. Bere aldetik, Demsterrek K7ren ekialdeko aldera lehenengo igoera egin du.

Iaz ekin zion Kepa Acero surflari eta abenturazaleak “5 Itsaso” proiektuari. Horren helburua da munduko bost itsasoko olatu birjinak bilatu eta surfeatzea. Indonesian hasi zuen bere abentura eta Andamanen (India) eta Angolan egon ostean, egun Antartikarako bidean dago Pakea Bizkaia belaontziko tripulazioarekin batera, bertako ur hotzetan surfeatzeko moduko olatu bat aurkitzeko asmotan. Belaontzia Hegoaldeko Shetland Irletara iritsi zenetik, bai tripulazioa eta bai Acero Antartikako olatua bilatzen ibili dira. Nahiz eta oraindik ez duten aurkitu, Kepa Acerok ez du amore ematen, eta bere tablarekin pinguino artean igerian ibili da.

Erabiltzaile bakoitzak egunean behin bozka dezake. “Adventurer of the Year 2012” saria irabazten duen abenturazaleak 5.000 euro jasoko du bere hurrengo proiektua finantzatzeko. Bozkatzen dutenen artean ere kirol materiala zozketatuko da. Hiru egun besterik ez dira falta lehiaketa amaitzeko eta nahiz eta lehenegoa doan, surflari bizkaitarra bozkatzen jarraitzera animatzen zaituztegu!

Botoa emateko esteka.

Atrás