“Gure bizimoduak, kezkek, krisialdiak… ez digute bizitzaren funtsezko gauzak ikusten uzten”

2013ko March 11Valentín Basañez Lauzirika gasteiztarrak 49 urte dauzka, Enpresa Zientzietan lizentziatua da eta Ikatz dendako argazkilaria da. Etapa hau dokumentatzeaz arduratzen da Valentín Basañez. Esperientzia hau erronka handia izaten ari da berarentzat, familiatik eta Foto Ikatzen egiten duen jardueratik aldendu behar izan duelako denbora luzez.

Zer azpimarratuko zenuke bigarren zeharkaldi honetaz?
Atlantikoa hegoaldetik iparralderako zeharkaldi luzea nabarmenduko nuke. Itsasaldia eskalarik gabea da eta 25 egun inguru iraungo du. Denbora tarte horretan Ekuatorea eta bi tropikoak zeharkatuko ditugu. Beraz, Ekuatoreko beroalditik Kantauriko hotzera pasatuko gara.

Zein izango da zure funtzioa belaontzian?
Hirugarren etapa honen grabazioaz eta irudien dokumentazioaz arduratuko naiz. Ondoren, Pakea Bizkaiako bulegora materiala bidaliko dut hedabideak eta webgunea elikatzeko. Horrekin batera, edozein tripulatzailek bezala, lanak eta guardiak ere egingo ditut.

Zer espero duzu bidaia honetatik? Zein ekarpen egingo dizu eta zer emango diozu zuk proiektuari
Hau bezalako esperientzia batean, oinarrizko gauzekin bizitzen ohitu behar duzu, baldintza ezerosoetan, joateko eta ihes egiteko aukerarik gabe… eta orduan agertzen da pertsonaren funtsa, gure ohiko bizimoduaren apaingarririk gabe. Egoera horretan, nire burua hobeto ezagutu nahi dut, proban jarri eta, noski, nabigazioaz eta elkarbizitzaz gozatu, eta Pakea Bizkaia proiektuaren eskura nire heldutasuna jarri. Bestalde, proiektuak amets bat betetzeko aukera eskainiko dit, abentura hau ametsa baita niretzat. Urrats hau egiteko arrazoi bakarra da. Gainera, nire familiaren eta nire lankidearen laguntza osoa daukat.

Zerk pizten dizu interesik handiena abentura honetan?
Bi interesgune dauzka: lehenik, belan zeharkaldi luze bat egitea, gutxiren eskura dagoen aukera baita, eta Pakearen proiektuan parte hartu ahal izatea, tripulazioko kide izatea eta belaontzian egotea, alegia. Bigarrenik, erronka pertsonal handia da, nire familiatik eta negoziotik hainbeste denbora aldentzea, horrek nire funtsa topatzen lagunduko didala uste dut.

Inoiz nabigatu al duzu edo lehen aldia izango da?
Zazpi urte nituenetik zeharkaldiren bat edo beste egin izan dut baina inoiz ez honelakoa.

Elkarbizitzaren, osasun arazoen edota ekaitz bortitzen beldur al zaude?
Nire beldurrik handiena nire ohiko bizimodutik hain urrun egotea da. Bestalde, Unai Basurko lema gidatzen, Pakea bezalako belaontzi bat eta Andrea Ruizek, Gonzalo Terceñok eta Unai Basurkok aukeratutako tripulazioarekin batera… ez dago zertan beldurrik izan.

Zer nabarmenduko zenuke Pakea Bizkaiaren hezkuntza proiektuari buruz?
Urteak daramatzat proiektuan parte hartzen eta aipatzekoa iruditzen zait proiektuaren helburuen zein hori zuzentzen duten pertsonen autentizitatea. Ohiko bizimoduak, kezkek, krisialdiak… bizitzan benetan garrantzitsuak diren gauzak ez dizkigute ikusten uzten. Pakea proiektuak -espedizioek eta hezkuntza arloak- esperientziak, kultura eta baloreak transmititzen dizkie Euskadiko milaka ikasleei eta hori gure gizartean balio handikoa da.

Atrás