“Ume askok eskertuko dute Pakea Bizkaiak baloreak irakatsi izana”

2013ko March 5Iker Arriaga Uribe 21 urteko zornotzarra Nautika eta Itsas Garraioa lizentziaturaren 3. maila ikasten ari da.

Zer nabarmenduko zenuke bigarren zeharkaldi honetaz?
Montevideotik Bilborako zeharkaldia nabarmenduko nuke. Oso luzea izango da, 30 bat egun, eta nabigazio ozeanikoa benetan ezagutu ahal izango dugu. Tripulatzaileen arteko elkarbizitza, belan nabigatzea eta natura ere aipatzeko modukoak dira.

Zein izango da zure funtzioa belaontzian?
Ez daukat funtzio zehatzik. Agintzen dizkidaten guardiak egiteaz gain, edozein lanerako prest egongo naiz. Belaontziaren ordena mantentzetzeko lanak, janaria prestatzea… behar den guztia.

Zer espero duzu bidaia honetatik? Zein ekarpen egingo dizu eta zer emango diozu zuk proiektuari?
Ikasteko irrikan nago, baita leku eta jende berria topatzeko eta neure burua hobeto ezagutzeko ere. Bidaia honek hori baino gehiago emango didala uste dut. Nik, behintzat, abentura paregabea izateko ahalegina egingo dut.

Zerk pizten dizu interesik handiena abentura honetan?
Naturak, elkarbizitzak, nabigazioak… denak pizten du nire interesa. Baina, bereziki, nabigazioa nabarmenduko nuke. Nire pasioa da eta bidaia honek ikasteko aukera ematen dit.

Inoiz nabigatu al duzu edo lehen aldia izango da?
Duela hiru urte hasi nintzen nabigatzen, Nautika ikasten hasi nintzenetik. Saltillon egin nuen nire lehenengo nabigazioa. Bertan nabigazioaz eta itsasontziaz ez ezik, beste ikasbide asko ere jaso ditut eta ikasten jarraitzen dut. Horretaz gain, duela urtebete estropadetan parte hartzen ari naiz beste belaontzi batekin. Hala ere, inoiz ez dut hain iraupen luzeko nabigaziorik egin, beraz, espero dut asko ikastea.

Elkarbizitzaren, osasun arazoen edota ekaitz bortitzen beldur al zaude?
Ez daukat beldurrik, baina badakit hau ez dela plazerrezko bidaia bat. Hotz handia izango da, nekea pilatuko zaigu, zorabioak izango ditugu… baina esperientziaren zati bat da eta hori bizitzeko gogo handia daukat.

Zer nabarmenduko zenuke Pakea Bizkaiaren hezkuntza proiektuari buruz?
Irakasteko duten grina nabarmenduko nuke. Euskaldunok, betidanik, itsasoarekin lotura estua izan dugun arren, egun ere ingurune oso ezezaguna da itsasoa. Pakea Bizkaiako taldeak hutsune hori ikusi du eta itsasoaren eta horren zaintzaren inguruko informazioa zabaltzen buru belarri dabil. Umeen belaunaldi askok eskertuko dute Pakea Bizkaiako taldeak baloreak irakatsi izana.

Atrás