Glaziarren URTZEA

Pakea Bizkaia taldekideok, Noruegako Fiordo ezkutu batean amaitzen den Viekelselattu Glaziarra belauntzitik ikusteko parada izan genuen, baina ez ginen belauntzitik jeitsi eta egia esan, elur urdinska hori zapaltzeko gogoarekin geratu ginen. Glaziar hori ikustean, berehala ekin genion aldaketa klimatikoak glaziarrengan eragin duenaren inguruko gogoetak botatzeari. Hasteko glaziarrak zer diren oso labur azalduko dugu, eta ondoren berotegi efektuak sortu ditzakeen ondorio larriak komentatuko ditugu.

GLAZIARRAK, ZER DIRA?

Glaziarrak, urteetan zehar lurrazalean pilatu diren elur maluten ondorioz sorturiko izotz-metaketak dira. Glaziarraren gainazalean metatzen den elurrak beheko izotza gehiago konpaktatzen du, eta bertan sortzen den indarrak, glaziarra aurrerantz mugiaraziko du.

Hauek sortzeko ezinbestekoa da urtean prezipitatutako elur kantitatea udan urtzen dena baino altuagoa izatea, horregatik gehienak poloetatik gertu aurkitzen dira, baina batzuk mendialdean ere aurki daitezke, hots, klima hotza den lekuetan.

Esan daiteke, gaur egun Lurraren %10-a glaziarrez estalirik dagoela eta 33 milioi km3 ur geza dagoela bertan.

ALDAKETA KLIMATIKOAK GLAZIARRETAN ERAGINDAKO ONDORIOAK.

Jakina da, Lurraren historian zehar bataz besteko tenperatura ez dela konstantea izan, glaziazio aldiak (garai hotzak) eta glaziazio arteko aldiak (garai epelak) egon dira, ziklikoki errepikatuz. Baina azken urteetan gertatzen ari dena  oso kezkagarria da, Lurraren tenperatura hori oso azkar ari da aldatzen. IPCC-aren  (Aldaketa klimatikoaren gobernuarteko panela, mundu osoko 2.500 zientziar baino gehiagoko erakundea dena) arabera, datozen 100 urteetan 1.4 eta 5.8 gradu artean igoko da bataz besteko tenperatura.

Zerk eragin du negutegi efektua? Lurraren negutegi efektua atmosferan burutzen da, CO2 a gasak ez diolako uzten ateratzen Lurrak botatzen duen berotasunari. CO2 gasa atmosferan aurkitzen da, baina industrializazioaren ondoren gizakiak gas hori kantitate handitan isuri du airera.

IPCCaren 2001-eko txosten baten arabera, azken 50 urteetan gizakiaren eraginagatik eman da tenperaturaren igoera hori, eta azken 20 urteetan gizakiak isuri duen CO2 horren hiru laurdenak erregai fosilen (petroleoa, gas naturala eta ikatza) erretzeagatik.

Oso datu kezkagarriak dira, tenperaturaren igoera honek kalte asko ekar ditzakelako, eta glaziarrena oso adibide argia da. Munduko glaziarrak urtzen ari dira, esaterako gaur egun Pirineotan 1980an zeuden glaziarren erdiak aurkitzen dira, Patagonian azken 7 urteetan 42 km3 izotz galdu dira urteko, bolumenean 17 piszina olinpiko betetzen dituztenak.

Urtze honen ondorioetako bat itsasoaren ur maila igotzen ari dela da, NASAren arabera %10eko igoera. Aldaketa hau kostaldean nabarituko da gehien, munduko populazioaren gehiengoa bizi den tokian, alegia.

Gure ustetan, datu gutxi hauek nahikoak dira berotegi efektuaren eragin latzetaz jabetzeko, beraz, bada garaia merkatua kontrolatzen duten boteredunek eta gobernuek CO2 isurketak murrizteko neurriak praktikan jartzea, hitzetatik ekintzetara pasatzea. Eta norberak, ahal duen neurrian ere, ahalegin eta esfortzu bat egitea, kotxea gutxiago erabiltzen, garraio publikoa edo txirrindua gehiago erabiltzen, erregai fosilen kontsumoa murrizten… Ahaleginak merezi du!!