JASANGARRITASUNERAKO hezkuntza, Support

Gaur egun askotan entzuten dugu jasangarritasun hitza, ematen du modan dagoela, atzean interes handiak daudela, eta hitzaren benetako esanahia alde batera uzten dela.

Jasangarritasunak ingurugiroa, ekonomia eta gizartearen arteko oreka esan nahi du, baina ingurugiroari pisu handiagoa emanez, orain arte desoreka oso handi bat egon delako, eta ingurugiroa izan delako produkzioan oinarrituriko sistema honetan hanka motzen geratu den arloa.Beraz, gizarte eta batez ere ekonomia arloekin parekaturik egon dadin, bai gobernuak, enpresak, eskolak, udaletxeak, elkarteak, gizarteko edozein eragileak, bai pertsona orok ahalegina egin behar du bere ingurua eta Planeta osoa zaintzeko eta errespetatzeko, eta ahalegina egiteaz gain, konpromezuak hartu eta bete behar dira. Eragile batzuk hasiak dira horretan, baina beste askok hitzetan soilik geratzen dira beraien itxura garbitzeko, inongo ekintzetara pasa gabe.

Gizarteko edozein arlotan hezkuntzak garrantzi handia dauka, ikasle horien eskuetan egongo delako etorkizunean gertatzen dena, beraz, ongi erabaki beharra dago hezkuntza sisteman sartu nahi diren gai, arlo edo kurrikulumak.

Azken urte hauetan gizartean ingurugiroarekiko kezka handitzen joan denez eta jasangarritasunaren kontzeptua hedatzen, hezkuntza sistemara ere iritsi dira. Herrialde bakoitzak eta eskola bakoitzak bere erara kudeatzen du, esaterako Euskal Herrian Eskola Agenda 21 programa daukagu, beste lurralde batzuetan Eskola berdeak, natur-eskolak, CO2nnect programa, etab. Herrialde ezberdinetako esperientzi eta programa guzti hauek jasotzeko asmoekin jaio zen SUPPORT kontsorzioa.

Support 15 herrialdeetako 31 bazkideez osaturik dago, eta 2007tik dabil lanean kalitatezko Garapen Jasangarrirako Hezkuntza (GJH) bat sustatzen, eta GJH-a mundu osoko hezkuntza sistemetan nola barneratu daitekeen eztabaidatzen. Noruegako Gobernuak zuzentzen du eta Europako Komisiotik jaso du dirua.

Urtero antolatzen dute nazioarteko konferentzi bat, aurten adibidez, Abuztuaren 29tik irailaren 1era Bergenen ospatu den nazioarteko konferentziko gai nagusia “etorkizun jasangarri baterako ikasten – Garapen Jasangarrirako Hezkuntza (GJH) baterako eskolaren berbideratzea” izan da.

Bertan eskola ezberdinetako esperientziak jaso dira, eta CO2nnect programan parte hartu eta irabazi duten eskolek (Rumania, Chipre, Malasya eta Estonia herrialdetakoak) ingurugiro-lanen buruzko kartelak aurkeztu dituzte eta ondoren saria banatu zaie. Kanpaina honetan garraio eta aldaketa klimatikoarekin erlazionaturiko iharduerak burutu dituzte ikasle eta irakasleek, egindako lana beraien komunitate edota herrietan isladatuz.

CO2nnect kanpainaren helburuak hiru dira:

1-     Eskolara joatean, garraioek isurtzen duten CO2 kopurua ikertzea ikasleek.

2-     Aldaketa klimatikoaren inguruko ikerketak biltzea eta CO2 isuriak murrizteko neurriak garatzea ikasleek.

3-     Ikasleek egindako lana udaletara bidali eta CO2aren inguruko udaleko erabakietan parte hartzea.

Nazioarteko ihardunaldi hauetan, CO2nnect programaz gain, GJH-n oinarrituriko hezkuntza ikerketak aurkeztu dira, ponente gehienak gaian oso adituak izanik. Gehienak unibertsitateko irakasleak ziren, ingurugiro-hezkuntzaren eta jasangarritasunerako hezkuntzaren alde teorikoan eta praktikoan adituak.

Ihardunaldi hauetan plazaratu diren ideiak laburbilduz: gaur egungo garapenak ingurugiroan sortzen dituen kalteak oso gainetik aipatu ziren, eta hauek behin antzemanik eskolan jasangarritasuna sustatzeko egin daitezkeen ihardunaldiak eta hauen antolaketa azaldu ziren. Azkenik, eskolan eginiko lan guzti hau udaletako dinamika eta sistemetan nola barneratu eta nola parte hartu aztertu zen, eskoletan lantzen denak garrantzi handia izan behar duelako udaletan.