ECOvillage

Invernessen egonik, ekoaldea bat bisitatzeko aprobetxatu dugu. Hemen “ecovillages” deritze, eta ezagutu duguna “ecovillage Findhorn”. Ekoaldeek ingurugiroarekin modu arduratsu eta jasangarriago batean bizitzeko aukera erakutsi nahi digute.

Oinarrizko printzipioetako bat da lurretik itzultzeko gai garena baino gehiago ez ateratzea, honela arrasto ekologikoa murriztuz. Halere, bertako biztanleek esan digutenagatik, Eskoziako Highlands-etan aurkitzen direnez eta bertako neguak oso hotzak direnez, zaila izan ohi da sare elektrikora ez konektatzea etxebizitzak berotu ahal izateko estufekin. Udan  berriz, dena errazago da eraikuntza bioklimatikoetan, non eguzkiak eskeintzen digun energiaz aprobetxatzen diren. Egun osoan astro honetatik ahalik eta energia gehien atera ahal izateko, etxebizitzak hegoalderuntz daude kokatuak, eta honetaz gain, teilatuetan fotoboltaikoak eta termikoak diren eguzki-plakak dituzte. Lehenengoak eguzkiaren argitasuna energia elektrikoan eraldatzen dute, eta bigarrenekin ura berotzen laguntzen dute.

Etxebizitzak eraikitzeko material batzuk berrerabiliak dira, esaterako argi-posteak, trenbideetako egurrak edota beste eraikuntza batzuetan erabiliak izan diren harriak.

Konpostajea ere burutzen dute, etxeetan sortzen den soberako materia organikoa guztiz aprobetxatzeko, eta bide batez hiri hondakinak murrizteko. Janari soberakinak zabor poltsara bota beharrean, konpostadora batean jasotzen dira, eta hilabete batzuetan deskonposizio aerobiko prozesuaren ondoren soberakinak konpost natural batean bilakatuko dira, eta beraien baratze eta jardinetarako erabili ahal izango da ongarri moduan.

Etxebizitza gehienen inguruan ortu txiki batzuk dituzte, eta eguraldiak asko lagundu ez arren elikagai ekologiko batzuk lortzen dituzte bertatik. Nekazaritza ekologikoan ez dira produktu kimikorik (pestizidak, abono kimikoak, herbizidak…) erabiltzen, baizik eta ongarri edo konpost naturala eta ekosistema naturaletan oinarrituriko neurriak.  Landareek lurretik hartzen dituzte behar dituzten ura eta elikagaiak (gatz mineralak), eta denbora luzean zehar mantentzen bada baratze bat bertako lurra pobretuz joango da, horregatik nekazari askok produktu kimikoetara jotzen dute.  Hau ez da irtenbidea, errotazio teknikak, lugorria, hainbat espezien konbinazioen erabilpena lurra aberasteko eta batez be lurrari deskantsatzen uztiko bagenio, kalitate handiko fruta eta barazkiak lortuko genituzke ingurugiroa kaltetu gabe.

Gaur egun supermerkatuetan ditugun elikagai gehienak ez dira nekazaritza ekologikoko produktuak, baina badaude merkatu zail honetan txoko txiki bat sortu nahi duten nekazariak eta kontsumitzaileak. Nekazaritza ekologikoaren bitartez ingurugiroa gehiago zaintzeaz gain, produktu kimikoek lurra, landareak, animaliak, ura eta airea kutsatzen baitute, gure osasuna ere zaintzen dugu, oraindik ez baitago oso argi produktu kimikoek guregan nola eragiten diguten, eta nekazari hustiaketa txikiei ere lagunduko diegu.