TXIRRINDUAK Copenhagen

Arrazoi askogatik gustatzen zaigu hiri hau, eta horietako bat txirrinduaren erabilera normalizatua da, eta hiriko bizitzan nola dagoen barneratua. Herritarren %37ak txirrindua erabiltzen du garraio bezala, eta horregatik hiri daniar honetako kale garrantzitsu batzuetan ez dira kotxe askorik ikusten.

Gainera bizikleten zirkulazioa errazteko prest dago dena, bide gehienek zentzu bietan bidegorri edo bizikleten-bidea dutelako. Bide hauetarako badaude ere semaforoak, bai kotxeetan doazenak bai oinezkoak bizikleten zirkulazioa guztiz errespeta dezaten. “Txirrindulariak” ere errepide, bide eta oinezkoen pasealekuen erabilera egoki bat egiteko kontzientziatuak daude.

Gure hiri eta herrietarako honelako formato motan eta bizikletaren erabileran amesten dugu. Donosti eta Gasteiz hasi dira ereduak izaten, akaso Bilbok lan gehiago dauka kontzientziazioan bai herritarren mailan bai udal mailan. Copenhage eta beste hiri europearren adibideak ikusirik, hotza ez dela aitzakia esan daiteke.

Arrazoi asko bururatzen zaizkigu bizikleta garraiobide ona dela esateko, hona batzuk:

-         Gure oinen mugimenduarekin, garraiobide jasangarrienetakoa bilakatzen da. Ez dugu CO2 –rik isuritzen atmosferara, aztarna ekologikoa ezeztatuz.

-         Batzuetan kotxea ibilbide motzak egiteko erabiltzen dugu, bizikletarekin lehenago iritsi gaitezkelarik eta logikoki kotxearekin baino gutxiago kutsatuz.

-         Kotxea gehiegi erabiltzeak, hirietan arazo larriak dakartza, hala nola ataskoak, aparkatzeko leku falta, oinezkoen kaleen falta, istripuak, akzesibilitate murriztua…Gure txirrinduekin, guzti hau eragotzi dezakegu.

-         Ia edozeinek eskura duen garraiobidea da.

-         Autoek ere ingurua akustikoki kutsatzen dute, bizikletak dauden kaleak askoz isilagoak, lasaiago bizitzeko eta oinezkoentzako atseginagoa izanik.

-         Garraiobide bezala erabiltzen dugunean, honetan pentsatu ez arren, ariketa fisikoa egiteko modu on bat da, hankak luzatzeko eta gure bihotzei bizia emateko. Edozein adina da ona zikloturismoa praktikatzeko eta ziklista bakoitzak ere gustoko duen bizikleta mota aukera dezake.

-         Bizikletak inguruaren beste ikuspegi bat ematen digu, eta mugitzeko modu aske eta dibertigarria da.

-         Garraio publikorik ez dugunean, gure bizikletarekin mugi gaitezke, hiria lasai aurkitzen den ordu horietan eta guzti.

-         Bizikleta egoki batekin gauzak eta guzti eraman daitezke. Hemen Copenhagen, jende askok karrotxo baten modukoa gehitu dio bizikletari, erosketak edota umeak ere bertan eramanez.

-         Udan erabiltzeaz gain neguan ere erabili dezakegu, egun hotzetan tenperatura on bat lortuz, bestela galdetu gasteiztarrei.

Arrazoiak soberan daude, norberak bereak izango ditu, baina argi dagoena da bizikleta gure atmosfera kutsatzen ez duen garraiobide on bat dela eta ziurrago, jasangarriago, lasaiago eta zergatik ez, dibertigarriago den hiriak eraikitzen laguntzen dutela. 

Orbeak oparituriko gure 4 txirrindu plegableei esker, porturatzeak askoz atseginagoak dira, hiri eta herrietaz modu dibertigarriagoan gozatzen dugulako, eta bide batez hankak luzatzen ditugulako, nabigatzen egunak pasa ondoren eskertzen baita gorputza mugitzea.

Anima zaitez zure hiri edo herrian bizikletan ibiltzen, txirrinduak ez dira udarako bakarrik!