Orkak eta Piloto-Izurde Hegaluzeak

Ternuatik atera eta Atlantikoa gurutzatzen hasi ginenetik bizitza paro izan dugu inguruan, batez ere Golkoko korrontean sartu ginenetik.

Orkak, doradoak, pilotu izurdeak, dortokak, marrazo erraldoiak eta itsas txori aunitz gurutzatu dira gure bidean. Eguraldi onak ekarritako ikusgarritasunak, animaliak ikus ahal izatea areagotu du uneoro.

Gure brankaldean igerian ibili diren izurde arruntez gain, gehien hurbildu zaizkigunak orkak (Orcinus orca) eta piloto-izurde hegaluzeak (Globicephala melas)  edo pilotu baleak izan dira. Bi espezie hauek Delphinidae edo izurdeen familiakoak dira, eta hagin txikiak dituzten zetazeoak dira. Izurdeekin duten diferentzia nagusiak bi dira: ur sakonak gustuko dituzte eta batzuetan, elikadura bilatzeko asmoarekin, migrazio luzeak egiten dituztela.

Bi espezie hauek gregarioak dira, hau da , ondo antolatutako taldeetan bizi direla, horregatik ez ditugu inoiz bakarrik ikusiko.

Orken kasuan, oso erraza izaten da ar ala emeak, edota kume ala nagusiak diren ezberdintzea, horretarako goiko hegala begiratu behar diegu. Arrena triangelu isoszele baten antza dauka eta gero eta nagusiago, gero eta luzeagoa izango dute, batzuetan metro eta erdiko luzera izatera heldu daitekeelarik; hain luzeak direnak, pisuaren ondorioz tolestu egiten dira. Beste egunean hurbildu zitzaigun taldeak 20 ale izango zituen guztira, bi ar nagusi, eme nagusi gehiago eta hainbat kume egongo zituelarik.

Pilotu-izurde hegaluzeak ez ziren hainbeste hurbildu, arretagotsu mantendu ziren eta taldeak animali gehiago izango zituen. Zetazeo hauek 10-60 animaliaz osatutako taldeetan bidaiatzen dute, baina batzuetan hainbat talde batu egiten dira, 1000 inguru izatera helduz. Gehien hondarreratzen diren zetazeoak dira eta kostaldean bat atrapatuta geratzen denean, talde osoa geratzen da berarekin, hauek ere hondartuta gelditzen diren arte. Europan, espezie hau hain ezaguna izateko arrazoien artean, Danimarkako Faroe irlatan urtero gertatzen den animali sarraskia dago.

Bi espezie hauek Kantauri itsasoan bizi dira eta uda aldean, kostaldetik pixka bat urruntzen bagara, erraz ikus ditzakegu.