Noruegako FIORDOAK

Herrialde ezberdinetako kostetan aurki daitezke fiordoak, besteak beste, Zelanda Berrian, Eskozian, Islandian, Txilen, Alaskan, Terranoban eta Noruegan. Azken honetako mendebaldeko kostadekoak dira ezagunenak eta ikusgarrienak, bertako bi Geirangerfjord eta Nærøyfjord, munduko luzeenak eta sakonenak direnak alegia, UNESKOk Gizakiaren Patrimonio izendatu ditu.

Edertasun natural eta paisajistiko hau, kostaldean dauden arroka kristalinozko pareta zorrotz eta meharrengatik da. Noruegako itsas gainazaletik 1400 metrotara igotzen dira pareta hauek, eta itsas barrura 500 metrotaraino sartzen dira, malda ia bertikala izanik. Bertako klima oso hezea denez, arroka aldapatsu hauek landaretzaz estalirik daude, bai hosto erorkorreko zuhaitzez bai koniferaz, eta tarteka metro askotako saltoa duten ur-jauziak antzeman daitezke. Guzti honen nahasketari glaziarren arrastoak eta bertako itsas-animaliak gehitzen badizkiogu, natura bizi bizian sentitzeko toki berezi batean bilakatzen dute.

Hori dela eta, mundu osotik turista asko gerturatzen dira, eta jende kopuru handiak jasotzeak naturguneari kaltea eragin diezaioke. Horregatik, nahitaezkoa da Noruegako Gobernutik natur gune hauek modu zorrotzean babestea eta kudeatzea, gizakiaren eraginez naturan sorturiko aldaketa edo kalteak askotan ez dutelako bueltarik.

Noruegako fiordoen jatorria

Fiordoen jatorria azaltzeko eta hauen itxura ulertzeko Noruegako geologia aztertu beharra dago. Hasteko, arroka mota nagusia zehazten da, berau noizkoa den eta zein baldintzatan sortu zen, eta ondoren, behin arroka sorturik, arroka hauek osatzen duten formazio geologikoak jasan dituen prozesuak interpretatzen dira.

Jatorrizko arroka nagusia kristalinoa da, lur barneko bero eta presioaren eraginez sorturikoak, lur barnean labe handi bat balego bezala. Duela 2 bilioi urte sortu ziren, baina ondoren eraldaketa asko jasan dituzte, esaterako, “kaledonia” garai geologikoan lurreko indar eta esfortzu bortitzek arroka hauek guztiz tolestu zituen, “tolesdura” formakuntza geologikoak sortuz. Honen aurretik eta ondoren beste prozesu geologiko asko gertatu dira, baina Kuaternario garaian zentratuko gara, fiordoen gaur egungo itxura edo morfologia garai honetan eman delako nagusiki.

Azkeneko milioi urteetako (lurraren historian milioi urteetaz hitzegiten da) glaziazioetan Noruegako lurrak elur iraunkorraz estalirik egon dira, ingurua bortizki higatuz. Elurra arroka zartatzeko gai da, eta zartadura horiek gero eta elur gehiagorekin zabaltzen eta handitzen joango dira, bertako erliebea eraldatuz. Glaziarrek erliebea guztiz eraldatzen dute, U itxurako bailara sakonak eta luzeak sortuz. Glaziarrak bizirik daude, eta bertako elurra mugituz doa, bailara gero eta sakonagoak bilakatuz, eta inguruan dituen tamaina ezberdineko arrokak beraganatuz eta handik kilometrota askotara utziz.

U itxurako bailara hauek, eta glaziarrak urrutira garraiatu dituen bloke handi eta arrokak (morrenak deritzenak) glaziarra egon denaren arrasto argiak dira. Beraz, gaur egun elurrik ez egon arren, denboran bidaiatu eta inguru hau glaziarrez beterik imajinatzea gonbidatzen zaituegu.