Giant´s Causeway-ko formazio GEOLOGIKOAK

ZER OTE DA HAU DENA??? Irlandako eskultoreren baten obra ote da?? Harri guzti horiei itxura hori eman al die?? Edo molde batekin egin al du?? Baliteke, irlandan horrelako eskultore fina aurkitzea baina ez da kasua. Amalurraren barreneko indarrek eta berotasunak egin dute lan bikain hau.

Eta nola?? Gezurra badirudi ere, prozesu bolkaniko baten bitartez.

Prozesu bolkanikoak esan nahi du, lur-azpitik datorren magmaren edo labaren hozketa eman dela. Laba hori sumendietatik ateratzen da eta oso tenperatura handian aurkitzen da. Sumendi horiek itsas azpian edo lurrazalean aurki daitezke, eta bertatik azaleratzen den laba urarekin edo airearekin kontaktuan jartzean, magma horren hozketa azkarra ematen da.

Sumendiak magma asko isurtzen duenean metro askotako sakonera duen laba-ibaia sortzen da, kolada deritzona. Kolada honen hozketa azkarrarekin Basalto arrokak sortzen dira, arroka bolkaniko mota bat.

Metro batzuetako sakonera duen kolada hoztean oso arrunta da kolada hori likido izatetik solido izatera pasatzea eta “zutabe basaltiko” hauek sortzea.

Eta zergatik dute itxura hexagonala?? Basaltoak tenperatura galtzen badu, uzkurtu egiten da horizontalean, baina bertikalean ez. Eta orokorrean, horizontalean sortzen diren haustura edo diaklasa horiek hexagono itxura hartzen dute, baina ez beti, pentagonala edota itxura irregularrekoak ere izan daitezkeelako. Orokorrean erlauntza itxura dute, esfortzu indarrek beti norabide berean aritzen direlako.

Zenbat eta azkarrago hoztu orduan eta finagoak izango dira zutabeak.