LANPERNA MUSUA Atlantikoa

Espedizioaren lehen atalean zehar, zerbaiten edo norbaiten bila ibili izan gara baina ez dugu arrakastarik izan. Itsasoan; Irlandako edo Eskoziako kostalde maldatsuetan; Orkada eta Shetland irletako labarretan; Noruegako kostaldeko txoko ezkutuetan; Lofoten irla ikaragarrietan… Asko saiatu arren, ezinezkoa izan da Lanperna-musu heldu bat ikustea.

Eta ez da izan ez ditugulako bere argazkiak inon ikusi, Ipar-Itsasoko toki askotan nonnahi ikus baitaitezke itsas hegazti eder honen irudiak, turismoa erakarri nahian eta kostaldeko herrixken adierazgarri bezala. Zetazeo eta itsas hegaztien behaketak itsasontziz burutzen dituzten enpresek berehala ziurtatzen dute Lanperna-musu heldu bat ikusiko duzula, baina hori bai, horretarako urteko sasoi egokian egon beharra dago eta baldintza meteorologiakoak ere egokiak izan behar dira. Eta hori izan da gure akats nagusia, Bilbotik nahiko berandu atera ginelako honelako ale ikusgarria ikusi ahal izateko.

Ia urte osoan zehar Itsas zabalean bizi da eta negua ere bertan pasatzen du, non gai den arazorik gabe janaria aurkitzeko, baina udaberri amaieran Atlantiar kostaldera gerturatzen da bertako labarretan edo kostaldeko zelaietan kabiak egiteko. Beraz, lurreko bere egonaldia maiatzetik abuztura murrizten da, kumeek nolabaiteko autonomia lortu arte eta helduak Itsasora itzuli arte.

Hala eta guztiz ere, saiakeran jarraitu dugu, Lanperna-musu bat ikustearekin amesten dugulako, eta bere edertasun tropikal bitxiarekin ere. Ocean Sounds-eko Heike-k, bere argazkiak erakutsi zizkigun, eta hauen bitartez espezie honi buruz gehiago jakin ahal izan genuen. Berarekin izan zen, Itsasora egin genuen irteeran, lehenengo Lanperna-musu kumea ikusi genuenean, eta helduek bezain kolore bizi eta politak ez izan arren, oso bitxia izaten jarraitzen dute. Kume batzuk neguan zehar kostaldetik gertu geratzen dira, oraindik ez direlako gai denbora luzean zehar hegan egiteko. Lofoten irletan eta Ipar Lurmuturrerako nabigazioan kume batzuk ikusteko arrazoia hau izan zelarik.

Aurkezten dizkizuegun irudiak, bidean zehar topatu ditugun beste Lanperna musuen argazkietatik lapurtuak dira, nahikoa da irudi hauek ikustea hauen edertasunaz jabetzeko.